Soraluzeko Harrera elkartearen arduradunak dira Ramon Argarate eta Koldo Kareaga preso ohia. Harrera 2012an sortutako elkartea da, preso, iheslari eta deportatu izan diren pertsonei “jendartean egokitu eta euren bizitza berria duintasunez bitzitzen laguntzea helburu duena”.
Zerk bultzatu zuen Harrera elkartearen sorrera?
Kasu oso larriak gertatu ziren. Villabonako preso ohi bat topatu zuten kamioi baten kartoletan hilda eta jakin genuen Bilboko beste lagun bat kalean eskean zebilela, buruko arazoen eraginez. Argi ikusi genuen horrela ezin genuela jarraitu, zerbait egin beharra zegoela, baina, garai hartan, konplikatua zen. Azkenean, talde txiki bat gelditu ginen asmo horrekin eta egitasmoa abiatzea erabaki genuen.
Gaur egun zela dago osatua Harrera?
Elkarteak 3.000 bazkide inguru ditu, eta bazkide bakoitzak urtero 60 eurotik gorako kuota bat ordaintzen du. Aurrekontuaren %95a bazkideen ekarpenekin eta donazioekin finantzatzen da.
Bi liberatu daude eta boluntario ugari. Laguntzaile sare zabala osatu dugu eta sare horretan daude enpresariak, medikuak, dentistak, psikologoak… Behar duenari denetariko zerbitzuak merkeago eskaintzen dizkiete. Denetarik dago. Esaterako, badago herrian pertsona bat etxebizitza bat eskaini duena.
Zeintzuk izaten dira eskatzaileen beharrizanik ohikoenak?
Osasun zerbitzuak ordaindu ezina, lanpostu falta, autoaren gidabaimenik ez izatea, behar ekonomikoa… Elkarteak diru-laguntza ematen die, edo lana bilatzen laguntzen die. 2017an 100 pertsonari eman zitzaien laguntzaren bat.
Gartzelan edo erbestean urte asko eman dituenak bizitza berregin behar izaten du eta hori beti ez da erraza izaten.
Galtzelako egonaldiak kalte handia eragin dezake. Elikadura eskasa izaten da. Gogoan dut Puerto de Santamarian denok gerriko minez eta tripa handituarekin egoten ginela, gosea pasatzen genuelako. Afaltzeko, adibidez, ateratzen ziguten kazokada bat zopa, bi berengena, fruta, eta listo.
Arreta medikua ere oso txarra da eta ETAko presoa bazara, txarragoa; ez beti, baina bai askotan. Gogoan dut behin medikuarengana joan zela bat eta katarroa diagnostikatu zioten tuberkulosia zuenean. Handik egun batzuetara hilda azaldu zen zeldan. Dentista zerbitzua, esaterako, haginak ateratzeko bakarrik izaten da eta okulista zerbitzurik ez dago. Eta lau hormaren artean eta argi artifizialarekin bizi zarenean ikusmena asko jaisten da. Depresioak ere ohikoak dira eta horrek ondorio fisikoak dakartza.
Zer baldintza bete behar dira Harreraren laguntza jasotzeko?
Baldintza bakarra dago laguntza eskatzeko, Espainiako edo Frantziako estatuekin izandako arazoren baten ondorioz kaltetua izatea. Berdin dio ETA pm-koa edo m-koa izan zaren, edo Nanclares bidekoa, edo beste edozein ildotakoa. Horri ez zaio begiratzen. Harrera zabalik dago beharra duten guztientzako.
Eskatzailearen egoera ekonomikoa aztertzen da eta horren arabera ematen zaio laguntza, bizitza duin bat izaten laguntzeko.
Laguntza publikorik ez dago?
Orain dela bi urte gartzelatik atera osteko subsidioa kendu zieten ETAko presoei, damutzen ez zirelako. Neurria auzitegietara eroan zen eta irabazi egin da. Orain subsidioa kobratzen dute 18 hilabetean, hilean 400 euro inguru, eta ahal bada RGI-tik osagarri bat.
Jaurlaritzak aipatzen du jarrera kritikoa beharrezkoa litzatekeela bergizarteratzeko programen onuradun izateko.
Harrera ez da horretan sartzen. Norbaitek, dena delako baldintzetan laguntza hori jasotzeko modua izaten badu, fenomeno, lagundu beharreko bat gutxiago izango delako.
Etorkizunean baduzue itxaropenik laguntza handiagoa izateko?
Irlandan akordio bitartez amaitu zen gatazka eta bergizarteratzeko laguntzak hitzartu egin ziren. Hemen ez da akordiorik izan eta geure kabuz bilatu behar izan ditugu konponbideak.
Beharbada, gauzak hobera egiten badute, noizbait izango dira kalte ordainak torturapean edo kondenatu gabe gartzela urteak egin behar izan dituztenentzako, torturatuak izan direnentzako eta abar…
Maiatzean Guardia Zibilak hirurogei preso ohien ondasunak bahitzeko operazioa burutu zuen, eta aipatu dutenez bahitutakoa biktimei kalte ordainak ordaintzeko erabiliko da.
Hori ezin liteke horrela izan, ze estatuak dagoeneko ordainduak ditu kalte ordain horiek. Biktimek hamabost urte izaten zituzten preskribitu aurretik erreklamazioa egiteko eta ez da horrelakorik izan. Are gehiago, PPren gobernuak bost urtera jaitsi zuen epe hori, bere korrupzio kasuak ateratzen hasi zirenean.
Esan dute operazio horretan 8 milioi euro jaso zituztela, eta hori gezurra da. Zela izango dute lagun horiek horrelako dirutza?
Peio Etxeberria plazentziatarrari ere bahitu dizkiote ondasunak.
Bai. Kontu korrontean zuen dirua bahitu diote eta hilero nominaren zati bat kentzen diote. Ez du ez hanka eta ez buru, izan ere Peiok Auzitegi Nazionalaren preskripzio agiria du.
Gainera, Guardia Zibilak bere kabuz egin duen operazioa izan da, ez dago epaitegi konkretu bat tartean. Inork ezagutzen ez duen epaitegi bateko idazkariak sinatutako paperak dira.
Abokatuek diote epaiak irabaziko direla eta konfiskatutakoa itzuli beharko dutela, baina noiz? Igual pasatuko dira zazpi edo zortzi urte.
Zergatik uste duzue gertatu dela hori?
Covite pozik uzteko? Bergizarteratzea oztopatzeko? Ez dakigu. Guardia Zibilaren komandante batek zera aitortu zion preso ohi bati: “eskuak libre ditugu edozein gauza egiteko eta egiten duzuen guztiak izango du erantzuna”.
Zela begiratze diozue etorkizunari?
Itxaropenez, ematen diren pausoak hoberako izango direlakoan. Harrerari dagokionez, etorkizunean preso gehiago geldituko dira aske eta beharrak handitu egingo dira. Hori dela eta, herritarren laguntza handiagoa beharko dugu, bazkide gehiago. Animatzen ditugu herritarrak bazkide egitera edo laguntza ematera.
Albiste hau Plaentxia.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.