argia.eus
INPRIMATU
Etorkizuna orainean erein
  • Orain dela gutxi, galdetu zidaten ea beti tristuratik idazten dudan. Ziur aski, neurri batean, hala da. Akaso, ez da tristura, ez beti, bederen. Zenbaitetan, izan daiteke kezka; bestetan, haserre edo malenkonia; hainbatetan, itolarria... Hori horrela izanik, saiatzen naiz argia ematen panorama ilunari, badagoelako zerekin gozatu eta zer elikatu.

Josebe Blanco Alvarez 2023ko azaroaren 06a

Dena den, ezin dut ezkutatu basoari urrutitik begiratutakoan, itomenak hartzen nauela, gehienbat gaurko gazte eta umeen etorkizuna irudikatzean; eta kosta egiten zaidala gogoratzea zein ederrak diren pagadien bazterretan jaiotzen diren lili delikatuak.

Uste dut, bakoitzak bere erara, denok bizi ditugula kezkak: klimari ezarri diogun aldaketatik humanitate deshumanizatura. Hala ere, beti dugu mantra bera airean: ezin dugu ezer egin eta bizitza gozatu behar! Biziraupenaren legeak horrela agintzen digu. Baina ez al dago errealitatea ukatzeko nahi bat horren atzean? Ez al gaitu mantrak anestesiatzen?

Errealitate mingotsaren aurrean sentsibilitate apur bat daukana eta ekintzaren bidez bere egonezinari bidea ematen diona, segituan patologizatzen dugu. Eko-antsietatea azaldu da eta elikaduraren nahasmendua omen du janari biologikoa bakarrik jaten duenak.

Non dago arazoa, ordea, egunero egoera klimatikoari bizkarra ematen dion bizitzan ala klima-aldaketaren eraginak nabaritu eta arintze aldera talde ekologistetan edo lurraldearen defentsaren aldeko taldeetan parte-hartzean? Non arazoa, produktu kimikoz, antibiotikoz eta petrolioz hazitako elikagaiak jatearen naturalizazioan ala jaki osasuntsuak eta osasungarriak jateko erabakian?

Horien ifrentzua ere bada, jakina: obsesioa. Ezin dugu geure burua behin eta berriz zigortu. Ez baikara ahalguztidunak, ez baita ardura geure-geurea bakarrik. Jendarte antolaketa eredu jakin batek bideratzen du gure bizitza, hori horrela izan dadin. Agonia horretan ez itotzeko bideak askotarikoak izan daitezke; besteak beste, informazioa eta taldearen babesa funtsezkoak dira bizi dugun egonezina bideratzeko eta desesperantzaren atzaparretan ez erortzeko.

Ni hirugarren batek ere mugitzen nau. Gertu gertukoa bezain unibertsala: gazteen eta haurren etorkizuna.

Ezin planeta kiskaltze prozesua naturaltzat hartu, ez baita hala, baizik eta hemen eta orain daramagun bizimodu suizidaren ondorioa. Zoritxarrez, lehenago edo beranduago, hona ere helduko da irudi bortitzak grabatzeko eguna; ez badiogu errealitateari heltzen, eta, behingoz, ez baditugu erabakiak hartzen orain eta egunero.

Horregatik ezin zorrotzagoak izan behar dugu arduradun politiko eta teknikoekin. Exijitu behar diegu gazte eta haur horien etorkizun bizigarria ekarriko duten erabakiak hartzeko. Gure egunerokotasunean ahalik eta koherenteen jokatu behar dugu bizitzarekin, gazte eta haurren planeta aurreikusten den labea ez izateko, non janaria eskuratzea izango den kaosaren apeta.

Gazteen begietan ikusi nahiko nuke neure burua etorkizunean, oraingoaz lotsatu gabe.