argia.eus
INPRIMATU
Etorkinen segurtasuna bermatzeko “berehalako neurriak” eskatu dituzte Irun eta Hendaiatik
  • Ehunka herritar batu dira Irungo Harrera Sarea, Diakite, Etorkinekin eta Elkartasuna Larrun taldeek finkaturiko elkarretaratzean. Boli Kostatik zetorren etorkinaren gorpua atzeman zuten larunbatean Bidasoan, muga zeharkatzean aurten hil den zazpigarren migratzailea da –gehiago izan daitezke baina zazpi dira atzemandako gorpuak–.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko azaroaren 23a
Elkarretaratzea Irun eta Hendaia artean (argazkia: @aierrazkin)

Gau beltzean eta kandelak eskuan batu dira ehunka herritar azaroaren 22 honetan, Irun eta Hendaia artean, Bidasoan hildako bolikostarraren omenez eta oroimenez. Mugak hetsirik eta poliziaz josirik segitzen duela, hau zeharkatzean bizia galtzen duen aurtengo zazpigarren migratzailea da –gutxienez, baliteke gehiago izatea ere, baina zazpi dira atzemandako gorpuak–: ibai horretan edo haren inguruan lau hil dira, eta beste hiru trenak harrapatuta, Ziburun.

Instituzioei deia: hartu zuen ardurak

"Hegoaldean, Bidasoak du hiltzen; Iparraldean, burdinbideak",antolatzaileen hitzetan. Ezbehar hauekin bukatzeko gisan, Bidasoaren bi aldeetako erakunde publikoei eskatu diete neurriak hartzeko –gutxienez Baionarainoko bidea segurtasunez egiteko gisan–. Ipar Euskal Herriko harrera taldeek Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari eta migratzaileek zeharkatzen dituzten herrietako hautetsiei egin diete deia. Irungo Harrera Saretik, berriz, etorkinei "harrera duina" eskaintzeko eskatu diete bertako erakundeei. Adibidez, Irunen diren etorkin guztiei arta eskaintzea Gurutze Gorriak, eta hori inor kale gorrian utzi gabe.

Txoria Txori kantatuz bukatu zen elkarretaratzea.