70 boluntario inguru bildu zen Hendaiako Erretentzio Zentroaren inguruan astearte goizean. Euren helburua etorkinen tokia hartzea izan zen. Poliziek, ordea, urrun atxiki zituzten herritarrak, eta ezin izan zuten zentroan sartu.
Hamar lagun ziren ekartzekoak asteartean Bordeleko zentrotik. Zentro horrek 20 baino ezin ditu hartu eta “soberakinak” Hendaiara ekartzeko asmoa zuten. Hendaiakoak 30 leku har ditzake.
Bizi! mugimenduak antolatutako elkarretaratzean bildutako herritar boluntarioek galarazi zuten lekuz aldatzea.
Poliziek ez zieten boluntarioei zentrora pasatzen utzi, baina haietako bat, José Bové eurodiputatua, sartu zen karguak ematen dion eskubidea baliatuz: “Garaipen sinbolikoa da gurea. Egun batez, zentroaren funtzionamendua oztopatu baitugu”, erran zuen Bovék
Diputatuen eskubideaz gain, bost kazetarik ere eskubidea daukate zentroan sartzeko. Alta, asteartean kazetariei ukatu zieten sartzea. Bovék zentroa bisitatu zuen eta etsitu antza atera zen, zentro arras hetsitzat jo zuen, ez pertsonen neurrira eginda, alegia.
Zentroa hutsik dago uneon. Boluntarioen helburua zen zentroko 30 tokiak hartzea eta gisa horretara zentroaren funtzionamendua "kolokan jartzea". Ekintza sinbolikoa izan da, bistan da. Helburu behinena zentroa hutsik egotea da. Hala da une honetan, eta esperantza horrekin segitzen dute etorkinen alde borrokan ari diren elkarte eta kolektiboek.
Anartean, Frantziako Legebiltzarrean Geriza eta Immigrazioa Legea proiektua onetsi orduko, José Bovén iritziz, "Europako erakundeetan errekurtsoa jartzeko aukera baliatu behar da Frantziako Estatuaren aurka", izan ere, eurodiputatuaren hitzetan “Frantzia da legea okerren ezartzen duena Europan, baita errepresio gehien eragiten duena ere”.