argia.eus
INPRIMATU
Immigranteen deportazioa, hegazkin konpainia batzuen negozioa
  • Air Europa eta Swift Air hegazkin konpainiak arduratzen dira Espainiako Estatuan immigranteen deportazioaz. "Lotsaren ibilbide" gisa deskribatu ditu hegaldi horiek Atzerritarren Barneratze Zentroen Itxieraren aldeko kanpainak eta atzean dagoen negozioa agerian utzi du liburu baten bidez.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 03a
Air Europak immigranteak deportatzeari esker egiten duen negozioa salatu dute (argazkia: Masvoces.org).

Paremos los vuelos. Las deportaciones de inmigrantes y el boicot a Air Europa lanaren berri eman du Enric Llopisek Rebelion.org webgunean. Artikuluan azaltzen denez, Air Europak Espainiako Barne Ministerioarekin kontratua sinatu zuen 2013ko martxoan.

Urtero 11.880.000 irabazten ditu deportazio hegaldiengatik. 4 hilabete geroago, Defentsa Ministerioarekin 30 milioi euroko kontratua sinatu zuen militarrak operazio guneetara edota “beste motako jardueretara” garraiatzeko. Guztira 50 milioi euro baino gehiago jasotzen du urtero Espainiako administraziotik.

Nor da Air Europaren jabea?

Juan Jose Hidalgo enpresaria da Air Europaren jabea 1991tik. Langileek hainbatetan salatu dituzte euren baldintza kaxkarrak, grebak egin dituzte, eta 2014ko hasieran sinadurak bildu zituzten enpresaren bidegabeko kontratazio-politiken kontra.

Air Europa Globalia enpresa taldeko parte da. Bertan bidaia agentziak, bidaia-antolatzaileak eta garraio, turismo eta hotelen sektoreko enpresak daude besteak beste. Honen jabeak Hidalgo familia (%77), Matutes Taldea (%5,14), Banco Popular (%9,90) eta Unicaja (%7) dira.

“Globalia taldea –salatu du Atzerritarren Barneratze Zentroen Itxieraren aldeko kanpainak– masen eredu turistiko harrapari bati esker aberasten da. Ez du nahikoa bere hegazkin-konpainiak sexu-turismoko tokietara eramatearekin. 2013an 3.600 milioi euro fakturatu ditu eta 45 milioi euroko etekin garbiak lortu ditu. Gainera, immigranteen errepresioaren alde jarri da eta milioika euro sakelaratu ditu aberriratze hegaldiei esker”.

Swift Air ere deportazioen negozioan

Swift Air konpainia 2013. urtean hasi zen deportazio hegaldiekin. Air Europaren hegazkin handiak aireratu eta lurreratu ezin diren aireportuetara iristen da, Melillakoa, adibidez. Sepla pilotu sindikatuak dioenez, Globaliak Swift Airekin hegaldiak kontratatzen ditu lan-kostuak murrizteko.