Zenbait herritarrek uste dute gure herrialdean etorkinek ematen dutena baino askoz gehiago jasotzen dutela, eta ez dira gutxi zerbitzu publikoak jasotzen dituztelako kexatzen direnak (etxebizitza, gizarte-prestazioak, osasungintza…). Tamalez, berdin pentsatuko dute Espainiako gobernuak martxan jarriko duen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarekin (BGD). Datu erreal eta ofizialek, ordea, pertzepzio horiek gezurtatzen dituzte. Etorkinek jasotzen dutena baino ekarpen handiagoa egiten dute.
Hori da Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiak dioena; immigrazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen eraginean sakontzen du erakunde honek. 2018an BPGari egindako ekarpen ekonomikoaren eta gastuaren arteko harremanari buruzko azterketa argitaratu berri du. Ikerketa honek erakusten du administrazio publikoek eskainitako dirua, 750 milioi euro ingurukoa, etorkinek euskal ekonomiari ematen dioten injekzio ekonomikoa (1.525 milioi euro) baino txikiagoa dela, hau da, EAEko BPGaren % 2,06. Beraz, atzerritar jatorriko euskal biztanleek altxor publikotik jasotzen dutenaren ia bikoitza ematen diote erkidegoari.
Ondorioz, eta datu ofizial horien argitan, komeniko litzateke kolektibo horren inguruan dauden estereotipoak haustea, ez baita ez diruz lagundua ez altxor publikoaren mendekoa. Eta, gainera, aitortu eta eskertu egin beharko genieke gure ekonomiari eta ongizateari egindako ekarpena, baita gizarte-segurantzan egindako kotizazioengatik gure pentsioei eusten dietela ere.
Horrek guztiak lagundu beharko luke,halaber, denon arteko bizikidetza humanoa, soziala eta kulturala hobetzen. Hemen lan egin eta bizi dira, eta beraz, euskaldunak eta herri honetakoak dira. Eskubide guztiekin.