Europako mugetan, etorkinek jasandako "egoera justifika ezinarekin" bukatzeko neurriak hartzea eskatu die nazioarteko egiturak Europar Batasuneko estatuei.
Europar Batasuneko itsasoko zein lurreko mugetan migratzaileen kontrako indarkeria erabiltzen da. Hala dio IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak eta horrekin bukatzeko deia luzatu die Europar Batasuneko estatuei. Egoera "justifikaezin" honen kontrako neurriak hartzea eskatu die nazioarteko egiturak.
Plazaraturiko agirian ohartarazten duenez "giza eskubideen urraketak" gertatzen dira muga hauetan, hauen "basakeria" heina begi-bistakoa delarik: "Zibilen aurkako indarkeria eta indarraren gehiegizko erabilera justifika ezina da" Eugenio Ambrosi IOMren ordezkariaren hitzetan.
Mugetan bideraturiko kanporaketa kolektiboak "legez debekatuta" direla oroitarazten die IOMk, eta egoera ikusirik, migrazio eta asilo politikak "hobetzeko" beharra azpimarratzen die Ambrosik. Zentzu horretara, Europako Batzordeak Migrazioari eta Asiloari buruzko Itun berrian aurkeztu proposamena "begi onez" ikusten duela ere ohartarazten die. Honen arabera, Europar Batasuneko estatu kideek mugak zaintzeko "mekanismo independente" bat ezarri behar lukete, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziarekin lankidetza estuan, eta hori "Europako eta nazioarteko betebeharrak eta legeak errespetatzeko gisan".
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hainbat errepide hetsirik ditu Frantziako Poliziak urtarrilaren erditsuaz geroztik. Irun eta Baiona arteko etapa honi begira jarri gara "Bidean geroz eta traba gehiago dituztela, kosta ahala kosta, aitzina doaz etorkinak" erreportajean.