argia.eus
INPRIMATU
Etorkinak elgarri so
  • Etorkinak elgarri so Eguberri aintzintto hortan Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztua izan da Euskal Erkidegoko etorkineri buruzko tesi lan sakon bat. Hobeki erran, etorkin talde desberdinek nola ikusten duten elgar du miatu Yulia Shershnevak. Errusiar ikasle hori Ikuspegin Euskal Herriko etorkinen behatokian (Ikuspegi) lanean arizan da, eta gaia hurbiletik ezagutzen du.

Xabier Itzaina Laborari 2016ko urtarrilaren 25

Tesiaren hiru ekarpen nagusi berex nezazke hemen. Batetik, ikerketaren hipotesi nagusia da etorkinak ez direla bakarrik tokikoen aurre-iritzien jasotzaile pasiboak, baizik eta berak aurreiritzi ekoizle ere direla frangotan, batez ere sozialki apalago dauden bertze etorkin kolektiboeri buruz.

Ezin erran, beraz, frangotan entzuten den bezala, “euskal gizartea” bloke bat dela, bere aurre-iritzi eta integrazio eredu finkoarekin, eta “etorkinak” bloke homogeneo bat osatzen dutela.

Lan hunek erakusten du etorkinen barne aniztasuna eta berek nola bereganatzen dituzten estereotipoak eta beren klasamenduak eraikitzen, kolektibo eta presuna bakotxaren ezaugarri kultural, erlijioso eta sozialen arabera.

Beha adibidez argentidarrek, frango untsa ikusiak direnak euskal gizartean, zer dioten errumaniarretaz, eta errumaniarrek berek zer dioten rometaz edo magrebiarretaz, bi kolektibo horiek izanki irudi ezezkorrena pairatzen dutena.

Bigarren ekarpena nortasun kolektiboen eraikuntzari doakio. Tesiaren xede esplizitoetan ez bada agertzen ere, lan hau euskaltasunari buruzko lan bat da. Aniztasun sozial eta kulturalaren bidez berkonposatzen ari den euskal nortasun bat. Eta kasu hortan, frangotan sozialki baztertuak diren kolektibo batzuek dute galdezkatzen euskaltasuna. Sayad-ek zion etorkina batzarri egiten dion gizartearen miraila dela.

Agertzen dira imigrazioaren ez-ustezko ondorio batzu. Adibidez, eskolan. Tesiak erakusten du Hegoaldeko D eredua (euskera nagusi) jendeen irudimenean ari dela kalitatezko eredu bat bilakatzen, bertzeak bertze beitakite eredu hortan etorkin haur guti badelakotz. Y. Shershnevak galdezkatu dituen etorkin anitzek diote beren haurrak nahi dituztela D ereduan ezarri beitakite bertze etorkin seme guti izanen dela, eta maila, beren ustez, goragoa izanen dela. Hor bada, alabainan, kezka zerbait euskeraren aldeko mugimendu sozialarentzat, zoinek elgarri lotzen dituen hizkuntz eskubideen aldeko borroka eta emanzipazio soziala. Gisa batez, Iparraldetik ikusita, hizkuntz politika baten erakundetze arrakastasuaren ondorio paradoxikoa da hemen ageri.

Hirugarrenik, tesiak erakusten du baita ere Euskal Herria ari dela, maleruski, europeanizatzen, sentsu txarrean, etorkinen gaiari doakionez. Frantzian, Italian edo Alemanian aspaldi huntan ezagutzen diren eztabaidak, otoitz lekueri buruzkoak, mokanesari buruzkoak, imigrazioa

eta inseguritatea uztartzeari buruzkoak eta abar luzea, badu zonbeit urte ari direla hedatzen Hegoaldean ere.

Tesian aipatzen da nola 2014an Javier Maroto Gasteizeko PP auzapezak salatu zuen algeriano eta marokanoek laguntza sozialak ardiesten zituztela lanean artzeko xederik erakutsik gabe. Lelo ezaguna. Bainan tesiak erakusten du ere bertze etorkin kolektibo bakar batzu Gasteizeko auzapezaren alde agertu zirela, erranez hek lanean ari zirela eta etzirela xixtemaren xurgatzera jinak. Etorkinen mundu hori ez da bat, anitza da, bere barne tentsioekin.

Lan hunek irekitzen ditu hainbat ikerbide, oraindik jorratzekoak direnak : nola ihardetsi die imigrazio berriari euskal ongi-izaite xixtemak, Espainiako indartsuenetarik bat dena? Ze integrazio eredu bultzatzen ari dira erakunde publikoetatik: multikulturala, anglo-saxon sentsuan? Asimilasionista, frantses sentsuan ? Bien arteko integrazio eredu bat, oraindik asmatzekoa dena ? Ze pizu hartzen ari da erlijioa imigrazio gaietan?

Bada hasteko nun zer mia, eta zorionak Yuliari lan balios horrentzat.