argia.eus
INPRIMATU
Migratzaile gazteek bizi duten egoera salatu du Xuti Gaztek Hendaia eta Irun arteko mugan
  • Salatu dute mugan hil diren etorkinak "mugaren gaineko neurri politikoen emaitza" direla, eta Ipar Euskal Herrira iristen direnek ere "muturreko egoerak" bizi dituztela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 27a
Hendaia eta Irun arteko mugan egindako ekintzetako bat. (Argazkia: Xuti Gazte)

Etorkin gazteek bizi duten egoera salatu, eta horren aurrean hainbat aldarrikapen mahaigaineratu ditu Xuti Gaztek. 30 gazte inguru elkartu dira Hendaia eta Irun arteko mugan, larunbatean.

Azken bi urteetan zazpi pertsona hil dira muga pasa nahian, eta beste hiru muga pasa ondoren. Salatu dute heriotza horiek ez direla "istripu hutsak, mugaren gaineko neurri politikoen emaitza" baizik. Beren hitzetan, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga Poliziaren kontrolpean dago duela hainbat hilabetetik, eta etorkinak dira neurri horien kaltetuenak. Izan ere, Poliziaren kontrolen ondorioz, muga igarotzeko bide arriskutsuagoak hartzen dituzte etorkinek.

Ipar Euskal Herrira iristea lortzen dutenen artean ere, horiek "instalatzeko trabak" baino ez dituztela salatu dute, "atxiloketak, prekarietatea edota kanporaketak", besteak beste. Mugako zubitik gertu dagoen erretentzio zentroa jarri dute horren adibide gisa, bertako etorkinek pairatzen dituzten bizi baldintza txarrek azken urteetan "muturreko egoerak" eragin dituztelako.

Azaldu dute etorkin gazteen kasuan "are bortitzagoa" dela egoera. Diotenez, nahiz eta adin txikikoen eskubidea den eskolaratzea eta kanporatuak ez izatea, ez da beti betetzen.

Erabakiak Euskal Herrian

Xuti Gaztek "harrera herria eraikitzen" jarraitzeko prestutasuna adierazi du, baina onartu du ezin duela "aurrerapauso handirik" eman mugen gaineko erabakiak Parisetik hartzen diren bitartean. Horregatik, mugaren gaineko erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla aldarrikatu dute.