argia.eus
INPRIMATU
Etorkin adingabe baten “legez kanpoko” kanporaketa salatu dute
  • Baionako tren geltokian hamasei urteko pertsona bat atxilotu du Poliziak. Adina ziurtatu gabe Irunera eraman eta Espainiako Poliziaren esku utzi dute. "Legez kanpoko" kanporaketa izan dela salatu du Cimade elkarteak.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 12a
Argazkia: Cimade

Otsailaren 3an Baionako tren geltokian 16 urteko gazte etorkin bat atxilotu ondoren, kanporatu egin dute. Poliziak Irunera eraman eta Espainiako Poliziaren esku utzi dute. Kanporaketa “legez kanpokoa” izan dela salatu du Cimade elkarteak.

Poliziak gaztea adin txikikoa zen egiaztatu gabe atxilotu duela adierazi du. “Hala ere, jakinarazi zaio Espainiako Estatura sartzeko agindua, epeak eta errekurtso bat aurkezteko aukerak azaldu gabe. Berehala, agintarien esku utzi dute Irunen, eta han, polizia-etxean hainbat ordu pasa ondotik, karrikan utzi dute, bakarrik”.

Elkartearentzat egoera kezkagarria da eta adin txikikoa administrazio zerbitzuek babestu behar dutela azpimarratu du. “Berriz lurraldean onartu beharrean, bere babesak lehentasuna izan beharko luke bere interesaren errespetuz, Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenak dioen moduan”, gogorarazi dute.

Horretaz gain, Cimadek Ipar eta Hego Euskal Herriaren arten jarritako kontrolak salatu ditu. “Horren lehenengo ondorioa poliziek mugetan egiten dituzten legez kanpoko praktikak dira, eta horiek hainbat pertsonen bizitza arriskuan jartzen dituzte, horien artean haurrak”. Pirinio-Atlantikoetako ordezkariak ez du erantzunik eman oraingoz.