Abiy Ahmed Etiopiako Lehen Ministroak plazaratu duenez, "Mekelle armadaren esku dago". Azaroaren 4az geroztik gogortuz doa Etiopiako Gobernuaren eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Frontearen arteko harremana, milaka hildako eta emigrante eraginez.
Etiopiako Gobernuak argitu du: Etiopiako armadak Tigrayko Mekellen hiriburua kontrolpean dauka. Twitter bidez eta herriko telebistaren bidez zabaldu du adierazpena Abiy Ahmed Lehen Ministroak. Berhanu Jula armada buruak ere berretsi du informazioa, zehaztuz "bertan gordetako TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteko kideen atxiloketak" aurrera doazela. Gobernuaren hitzetan "zibil hobengabeak ez dira jomugan jarri". Beste iturri batzuk zehaztera eman dutenez, "artilleria pisutsuarekin" egin diote eraso TPLFri eta ez da argi, gobernuaren mezu ofiziala benetazkoa ote den.
Lehen Ministroaren arabera, erasoaldiaren "azken fasea" da, TPLFri errenditzeko 72 orduko ultimatuma eman eta hark amore emateari uko egin ondoan bideraturikoa.
Etiopiako Gobernuaren eta iparreko eskualde horren arteko tentsioak ez dira berriak. 2018ko gobernuaren osaketaz geroztik areagotu egin dira, baina egia da azaroaren 4az geroztik gerra odoltsu batean murgilduta dagoela Tigray eskualdea. Sei milioi herritar bizi dira bertan eta jada milaka lagunek dute alde egin, tartean 40.000k Sudanera. Noski, guztiek ezin izan dute eskualdea utzi eta ICG International Crisis Group taldeak jakitera eman duenez, "milaka lagun dira gatazka honetan hil".
Gatazkaren azken kapitulu hau hasi denetik postura berean segitzen du Etiopiako Gobernuak: Tigrayko "talde kriminalarekin" ez du negoziatuko, behintzat "operazioa amaitu arte". Azaro hastapenean armada federalaren base bati eraso egitea egotzi zion TPLFri eta orduz geroztik gerla giroan murgildurik dira.
NBEaren sostenguarekin, Afrikako Batasunak ordezkaritza bat bidali berri du Etiopiako hiriburura, elkarrizketa bideratzeko asmoz. Afrikako hiru presidente ohik osatzen dute taldea: Joaquim Chissano Mozambikekoa, Ellen Johnson Sirleaf Liberiakoa eta Kgalema Motlanthe Hegoafrikakoa. Baina TPLF armagabeturik ez deino, ez du horrelakorik onartzen gobernuak.
TPLF gobernuan egon zen 1991tik geroztik eta 2018a arte, hots, EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizioak Abiy Ahmed gobernuburu izendatu zuen arte. Azken honek berehala Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, EPRDDF frontea deseginez. Koalizioko alderdi etniko guztiak batu ziren alderdi berrian –TPLF izan ezik–.
Geroztik tentsio giroa nagusi da Tigrayko Gobernuaren eta Etiopiako Gobernuaren artean. Besteak beste, gobernu nagusiaren posturaren gainetik pasaz, tokiko hauteskundean antolatu zituzten irailean Tigray eskualdean, baina Etiopiako Gobernuak ez ditu emaitzak kontutan hartu. "Tigrayko gutiengo etnikoa –biztanleria osoaren %6– baztertzea" leporatzen diote Etiopiako Gobernuari.