argia.eus
INPRIMATU
Joseba Irazoki One Man Band
Etiketaren faltan
  • One Man Band formatuan aspaldi ikusi gabe, gitarraren maisua Donostiako Be! Club tabernan aritu da, lehen Be Bop zena. Azken urteetan Dizzy Gillespiek eta Charlie Parkerrek sortutako estiloarekin  zer ikusi gutxi izan badu ere, Joseba Irazokik hurbiltze txiki bat egin dio: disonantzia eta harmoniekin arriskatuz eta esperimentatzen.

Xalba Ramirez @xalbaram 2019ko azaroaren 20a

Joseba Irazoki ezagutzen ez duenak ezer gutxi ezagutuko du euskal eszenaz. Banda ugaritan aritua da bere gitarrarekin laguntzen, eta bakarkako lanetan esperimentaziotik psikodeliarako bidean rockari astindu ederra ematen, laudorioak jasotzen bertatik eta kanpotik.

One Man Bandaren kontuak jauzia hartu du teknologia berri –eta merkeen– garaian. Baina loopaz gain dunbala eta perkusioarekin beste inoren laguntzarik ez duela behar dirudi. Rocka txiki geratzen zaio taldean dagoenean, baina baita bakarka dagoenean ere.

Errusiar mendi bat da. Gora, gora, gora, behera, behera, gora, behera. Ez dakizu nondik azalduko zaizun, baina kasik ziurra da jarraitu nahi baduzu adi egon beharko duzula: belarriak eta burua erne. Burrunba disonantea sortzeko gai da, country estiloko erritmo dantzagarria egiteko edo Bill Frisell-en antzeko gitarra instrumental pieza ederrak emateko. Handi-handia.

Elizabeth Cotten-en Fright train, eta Robbie Basho-ren Blue Crystal fire ederki asko moldatu zituen ere. Bashoren lana euskal herriratzen aritu izan da Achiarytarrekin, eta natural uztartzen du bere estilo pertsonalean.

Oso Banda diskoan estreinatutako Zozoak kantarekin utzi zituen ahoa bete hortz bertaratutakoak. Zoroen pare aritzen da kantu honetan, asinkopatutako looparen gainean, disonantzia batzuekin osatuz melodia eta harmonia. Eta bere letra bihurri, surrealista eta sakonekin: “Mierda, mierda para usted!”.

Ahotik Ahora kantarekin ere indartsu-indartsu. Joseba Irazoki eta Lagunak diskoan xaloago abesten badu ere, hemen oihuka bizian aritu zen, deiadar eginez Ilargi Zaharrari, nondik nora agertuko zen harrituz. Niko Etxart ezin ahaztu gabe utzi Tumatxa libre bat abestuz.

Zalantzarik gabe kontzertuko unerik gorena Karlos Aranzegi bateria jolearekin osatu zuen Irazokik. Publikoak animatuta igo zen “bateria” jotzera. Zehaztu dezagun: dunbala, lata bat, plater puskatu bat eta burdin zatiren bat. Inprobisazioaren ederrena: perkusioa gora eta gora gitarraren begizta amaigabea indartzen. Ia hamar minutu arituko ziren, norgehiagokan baino, indarra ematen batak besteari segundo bakoitzean.

Hauteskunde gaua genuen, eta zenbaketa ofizialik gabe, emaitzek beldur ematen zuten –zeinen gutxi idatzi den demokraziari beldurraz–. Horregatik –edo– Sarrionandiaren Bakezaletasuna abestuz amaitu zuen Irazokik kontzertua.

Etiketaren bat asmatu beharko luke norbaitek XXI. mendeko Euskal Rock Erradikal hau izendatzeko. Kanona badakigu nor den!