argia.eus
INPRIMATU
Etengabeko Nakba gelditzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan
  • Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste zenbait herritan elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, larunbata, palestinarren Nakba egunean "Etengabeko Nakba" geldiarazteko eskatzeko. Maiatzaren 15a palestinarren Nakba (hondamendi) eguna da 1948an milaka palestinar haien lurretatik kanporatu eta Israelgo Estatua sortu zenetik.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 14a

73 urte igaro dira Nakba egunaren jatorrian dagoen hondamenditik, baina azken egunotan Jerusalemengo Sheikh Jarrah auzoko familia palestinarrak beren etxeetatik kanporatzeko ahaleginak eta palestinarren erresistentziaren aurrean Israelek egindako erasoek eta Gazako egoera larriak Nakba etengabea dela agerian uzten du elkarretaratzeetarako deia egin duten plataformentzat.

Besteak beste, Askapena, Komite Internazionalistak, Antikapitalistak eta Mundubat plataformek egin dute deialdia. Gazako sarraskia amaitzeko eta 1948an abiatutako garbiketa etnikoa gelditzeko eskatuko dute. Horrez gain, CAFek Jerusalemen duen proiektuaren aurrean boikoterako deia ere luzatu dute, eta Israelek atxilotutako Juani Rinshmawiren askatasuna aldarrikatu.

Hego Euskal Herriko hiriburuetako hitzorduak:

BILBO. Arriagan 12:00

DONOSTIA. Bulebarrean 12:00

GASTEIZ. Bilbo Plazan 17:00

IRUÑEA. Udal plazan 12:00

Horrez gain, beste hainbat herritan ere deitu dituzte elkarretaratzeak, Azpeitian eta Arrasaten, besteak beste.