argia.eus
INPRIMATU
Etchetok irabazi du Baionan, Brissonek Miarritzen eta Olivek Angelun
  • Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herriko etxeetako bozak egin dituzte igandean. Baionan, Angelun eta Miarritzen bigarren itzulian erabakiko da auzapeza.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 24a
Bozak zenbatzen Miarritzen (argazkia: Muriel Bonneville).

Donibane Garazin Alphonse Idiart eskuineko hautagaiak hartuko du agintea bigarren itzulira itxaron gabe eta beste hainbeste gertatuko da Donibane Lohitzunen ere: UMPko Peyuco Duhartek lehen itzulian lortu du garaipena.

Lapurdiko hiriburuan PSko Henri Etchetok irabazi du lehen itzulia eta UMP-UDIko zerrendaren buru izan den Max Brissonek berriz Miarritzen.

Hauteskunde gaueko sorpresetako bat Angeluko emaitzak eman du. UMP-UDIko Claude Olivek aurrea hartu dio Jean Espilondo (PS) egungo auzapezari.

Hendaian Kotte Ezenarro sozialistak lortu du boto gehien oraindik alkate den zentro-eskuineko Battitte Salaberryren aurretik. Bien atzetik Richard Beitia eskuineko hautagaia eta Iker Elizalde abertzalea.

Beste hautagai abertzaleei dagokienez, mila biztanleko hainbat herritan lortutako emaitza azpimarragarriez gain, seinalatzekoa da Urruñan, Uztaritzen, Hendaian eta Baionan bertan ateratako emaitzak. Bigarren itzulian Baionan hartuko duten jarrerak garrantzia izan dezake azken emaitzari begira.

Herriz herriko emaitza guztiak, Kazeta.info webgunean.

Ultraeskuina gora Frantziako Estatuan

Frantziako Estatuko emaitzei dagokienez, behera egin du François Hollande presidentearen Alderdi Sozialistak, eta gora, aldiz, eskuineko alderdiek, UMPk eta Fronte Nazionalak (FN).

Emaitza historikoak lortu ditu FNk. Hauteskundeak ixtean egindako zundaketen arabera, botoen %5-%7 eskuratu ditu, eta 200 bat herritan du aukera bigarren itzulira igarotzeko.

Abstentzioa %38,5ekoa izan da, orain arteko altuena.