argia.eus
INPRIMATU
ETBren “Musika gaua” programaren bidez egile eskubideetan iruzurra egin ote zen ikertzen ari da Auzitegi Nazionala
  • Espainiako Auzitegi Nazionala EITB ikertzen ari da musikarien egile eskubideekin lotutako iruzurra dela-eta. Beste hamahiru telebista kate ere jo-puntuan ditu Ismael Moreno epaileak hasitako ikerketak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko otsailaren 05
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusi zenean kontratatu zuten Rafael de Tenaren enpresa Musika gaua programa egiteko.

2017an Espainiako Poliziak SGAEren Madrilgo egoitzan eta hainbat telebista katetan egin zuen operaziotik dator auzia eta joan den hamarkada guztian zeresana eman du, gutxienez Anton Reixak SGAEko presidente zenean elkarte horretako praktika ilun batzuk agerian utzi zituenetik.

EITB zipriztindu duen auzi honen erdian “telebisten gurpila” izenez ezaguna den praktika dago: SGAEko bazkide batzuek 2006 eta 2011 artean 100 bat milioi euroko iruzurra egin zuten trama horren bitartez, musika lanak modu irregularrean erregistratuz.

Adibidez, egile eskubideetatik libre geratutako konposizio musikal originalak hartu eta aldaketa txikiak egin ondoren beraien izenean erregistratu zituzten, hartara pieza horien eskubideak kobratu ahal izateko; eta kalitate eskaseko konposizioak ere erregistratu zituzten, bai tramako kide ziren musikarien izenean, bai musikariak ez ziren pertsonen izenean ere. Gero, konposizio horiek telebistako gaueko programetan emititzen zituzten, horren bitartez "egile" gisa zegokien dirua fakturatuz.

Urteren batean SGAEk telebistaren bidez egindako fakturazio osoaren %70 izatera iritsi zen, nahiz eta doinu horiek audientziaren %1ek bakarrik entzun.

Kanta gutxi batzuekin hasi ziren iruzur hori egiten, baina urteen poderioz ehunka erregistratu zituzten eta, arretarik ez deitzeko, musika-ikasleekin kontaktatu zuten, eskubideen kobraketa haien bidez egiteko.

ETBko "Musika gaua"

Iruzur horren azken katebegia ziren telebistak. Ismael Moreno epailearen arabera, jarduera horiek ez ziren posible izango kateekin adostasunik gabe eta horregatik inputatu ditu. EITBk ez du adierazpenik egin momentuz inputazio honekin lotuta, baina 2018an Maite Iturbe EITBko zuzendariak EAEko Legebiltzarrean zenbait azalpen eman zituen.

Iturbek esplikatu zuenez, Alberto Surio EITBko zuzendari orokor zenean –Patxi Lópezen lehendakaritzaren garaian–, Rafael de Tenaren enpresa kontratatu zuen irrati-telebista publikoak, alegia SGAEren gurpilaren auzian inplikatutako pertsonetako bat, "Musika gaua" programa emititzeko. Jazza eta musika klasikoko piezak jartzen zituen goizeko ordu txikietan. Iturberen arabera, 2017ko martxoan programa hori kentzeko aukera mahai gainean zegoen. Hala ere, De Tenarekin egindako kontratuak legezkoak izan zirela ere defendatu zuen Legebiltzarrean.