argia.eus
INPRIMATU
ETBren emisioa bermatzeko neurriak eskatu dizkio Nafarroak Madrili
  • Bigarren multiplex bat emateko galdegin dio Espainiari edo erkidegoetako multiple digitalean sei kate jartzeko aukera eskaintzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko ekainaren 09a

"Behin betiko konponbidea" izanen litzateke bigarren multiplexa edo erkidegoetako multiple digitalean sei kate ipintzea, Ana Ollo kontseilariaren hitzetan.

Nafarroako Gobernuaren kezketako bat metodo horiek kalitatea bermatuko ote luketen zen, orain arte. Baina baietz konprobatu du: "teknikoki guztiz bideragarria da".

Espainiak dionaren zain egon behar dute orain, izan ere, "salbuespen bat" da Nafarroak eskatzen duena, ohiko legeaz gaindikoa, baina "egingarria". Ministerioak bi aukeretako bat onartuko balu ere, balorazioa eginen luke Nafarroako exekutiboak: "ekintzen kostu ekonomikoa neurtu beharko genuke".

Datarik ez dago orduan. "Tramite hau aspaldi genuen buruan, baina Espainian gobernurik ez izateak mantsotu egin du prozesua", adierazi du Ollok.

Kataluniari baino ez dio eman Espainiak bigarren multiplexa.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra