argia.eus
INPRIMATU
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri
  • Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango dituen eredua” proposatu dute. “Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko proposamena egin dute hainbat adituk, Josu Amezagak eta Kike Amonarrizek esaterako. 

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 12a
EITBk euskara erdigunean jar dezan Aldatu Gidoiak Altsasun egindako agerraldia Aldatu Gidoia

Euskal Telebistak abenduaren 3rako, Euskararen Nazioarteko Egunerako, Bizkarsoro iragarri zuen ETB1en. Ordu berean Tasio bota zuten ordea. Aldatu Gidoia mugimenduaren hitzetan, “horren egun berezian” ETBri ez zitzaion “batere inporta izan” Bizkarsoro kontraprogramatzea, uskaldunek historian zehar, euskaraz bizitzeagatik, jasandako jazarpenari buruzko filmea. Produktorak gero jakinarazi zuen gaztelaniazko azpidatziekin botatzea proposatu ziotela ETB2rako, baina Euskal Telebistak ez zuela nahi izan.

Aldatu Gidoiaren ustez, gaur egun audientziek gidatzen dute ETBren programazioa. “Audientzien lehian, kaltetua ateratzen da euskara, gaztelaniazko katearen alde egiten duelako”. Datuek erakusten dutenez, ETB2 da ikusle euskaldun gehien erakartzen duen kanala, eta hori ohiko praktika da jendartearentzat: “Euskararen Egunean gertatutakoa ohiko praktika da ETBn. Gehiegitan jartzen da ETB1 ETB2rekin lehian”.

Kanal bat, hizkuntza bat logika gainditu

Honen guztiaren aurrean, “herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango dituen eredua” galdatzen du Aldatu Gidoiak. Aditu batzuek, Josu Amezagak eta Kike Amonarrizek esaterako, dagoeneko proposatu dute “kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzea. Taldeak dioenez, “funtsezkoa” da aldaketa hori, eredu berri batean euskarak izan behar baitu “hizkuntza nagusia” ETBn, “ez hizkuntza bakarra agian, baina bai zentrala”.

Hizkuntza gutxituak dituzten Europako beste herrialdeetako telebistei erreparatzea eskatu du Aldatu Gidoiak, programazioaren “muinean hizkuntza gutxitua dagoelako”. Azpidatziak erabiltzen dituzte “hizkuntzaren jabe ez diren ikusleak edo hura menderatzen ez dutenak erakartzeko”, azaldu du taldeak.

Hazia erein behar du ETBk

ETBk euskarazko edukiei lehentasuna ematea erabakitzen badu, “hasieran ikusle datu orokorrak gutxituko” direla uste du taldeak. Aldatu Gidoiak azaldu duenez, Euskal Telebistak ETB2n Bizkarsoro euskaraz eman izan balu, ez zuen Tasio adina ikusle lortuko; Tasio filmaren emanaldi bereziak %11,9ko kuota izan baitzuen EAEn eta %10,6koa Nafarroan.

“Euskarak, gutxitutako hizkuntza batek, ez du, gutxitua dagoen bitartean, hegemonikoa den hizkuntzaren ikusle daturik emanen”, azaldu dute. Argitu du euskarak "ezinbestekotzat" duela EITB, "egoera soziolinguistikoa iraultzeko, euskarak hizkuntza gutxitua eta bazterrekoa izateari uzteko; eta Euskal Herria berreuskalduntzeko”. “ETBk epe luzera eta irmo egin behar du euskararen alde, ikusle datuei hainbesteko garrantzirik eman gabe. Horretarako sortu zelako, eta horretan datzalako bere legitimazioa”, dio Aldatu Gidoiak.

Hala izanda, erakundeek, alderdiek eta elkarte euskaltzaleek EITBri laguntza eskaini beharko diotela uste du Aldatu Gidoiak. “Pazientzia izan beharko dugu, ziur baikaude jendeak oso ondo hartuko duela eta babestuko duela euskaran ardaztutako ETB. Eta ziur gaude, epe luzera, iritsiko direla ereindakoaren fruituak eta ikusle datu onak”.