argia.eus
INPRIMATU
ETBk nazioarteko filmak eta serieak euskaraz emateari “betoa” jarria diola salatu dute
  • EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute (H)itzartu ETBk deituta. EAJri eta ETBri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diote.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 22a
Adierazi dute EITB "hasierako espiritura bueltatzea" nahi dutela, euskara bultzatzea izan dadin helburu nagusia. (Argazkia: Pazis Garcia)

Elkarretaratzea egin dute larunbatean EITBren egoitzaren aurrean, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean. Salatu dute ETBk "betoa" jarria diola nazioarteko filmak eta serieak euskaraz emateari. (H)itzartu ETBk egindako deialdia euskara, kultura, hezkuntza eta ikus-entzunezkoetako hamazazpi eragilek babestu dute.

Fermintxo Zabaltza (H)itzartuko kideak adierazi du "EITB hasierako espiritura bueltatzea" nahi dutela, euskara bultzatzea izan dadin helburu nagusia. Horretarako, EITBri eta EAJri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diete.

Zabaltzak salatu du azken hamar urtean nazioarteko film guztiak espainolez eman dituela ETBk, Bikiak telesaila salbu: "Erabakia dago nazioarteko film guztiak espainolez ematea; hori pentsaezina litzateke Galiziako, Kataluniako, Valentziako eta Balearretako telebista publikoetan". Valentzian eta Balearretan serieak eta pelikulak gazteleraz ematen hasi ziren, baina orain beren hizkuntzan ematen dituzte. "EITBk kontrako bidea egin du".

Arrazoia: audientzia txikia

Audientzia txikia da, EITBko zenbait kideren esanetan, nazioarteko ikus-entzunezkoak euskaraz ez emateko arrazoia. Honakoa adierazi zuen Unai Iparragirre EITBko zuzendariak, Iruñean egindako jardunaldi batean: "Azken urteetan ikusi duguna da filmak telebista publikora iristen direnerako dagoeneko denek ikusi dituztela gazteleraz. Egin ditugun esperimentuengatik uste dugu hori ez dela diru publikoa erabiltzeko modurik onena”.

Horren aurrean, (H)itzartu ETBk dio "onartezina" dela horregatik euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea. "Uste dugu audientzia ezin dela egun batean neurtu. Argi dago gure egoera soziolinguistikoarekin hasieran ikusle gutxi izango duela, baina epe luzeko estrategia behar du: ordutegi eta produktu onak eskaini, ongi zabaldu... bestela, ezinezkoa da".