argia.eus
INPRIMATU
ETBk gaztelaniaz eskaini ditu umeentzako tailerrak “Play ‘N’ kids” jaialdian
  • BBK Livek umeentzat antolatutako ekitaldia, larunbatean ospatu da Bilboko Areatzan.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 16a
Iazko jaialdia

Haurrei zuzendutako hainbat ekimen egon da egun osoko jaian, musika eta jolasa uztartuz.

Twitterreko hainbat erabiltzailek jakinarazi dutenez BBK Livek ETB3 gonbidatu du Areatzara eta Hiru3 izeneko gunean tailerrak eskaini ditu. Etxeko txikiek Doraemon, Nobita, Shizuka eta Gorritxo telebistako pertsonaiekin argazkia ateratzeko aukera izan dute, besteak beste.

Euskaraz zuzendu du ETB3k jaialdirako gonbitea, aldiz, tailerrak gaztelaniaz izan dira. Gainera, hezitzaile euskaldunak jarri beharrean begiraleak Kataluniatik ekarri dituztela salatu du hainbat gurasok twitterren.

 Gurasoak haserre daude

Haurrek tailerretan euskaraz gozatzeko aukerarik eduki ez izanak hainbat guraso haserretu du eta horietako batzuek txio bidez adierazi dituzte kexak.

EITBren erantzuna

Albistea argitaratu eta biharamunean EITBko prentsa bulegotik gure erredakzioarekin jarri dira harremanetan eta Uxua Olallak jarritako txio kateari emandako erantzuna argitaratzeko eskatu dio ARGIAri. Hemen hiru txioak:

"Lehenengo eta behin barkatu eragozpenak. Larunbateko jaia Luk International enpresa kataluniarrak antolatu zuen (Doraemonen eskubideak esklusibidadean duenak, alegia). HIRU3k gonbidatu gisa hartu du parte: "BBK Live bereziak" ekimenaren barruan kokatutako jaia, umeei zuzenduta".

"Aurrerantzean, mota honetako ekimenetan parte hartzeko baldintzak zehaztuko ditugu, gure jaia izan ez arren, gure izena tartean den neurrian, berriz horrelakorik ez gertatzeko. HIRU3 gunean egon ziren begiraleak euskaldunak izan ziren: Beste horietan ez bezala zuk diozun moduan".

"Gure aldetik, hasieran genionez, barkamena eskatzea tokatzen zaigu. Zure familiari eta bertan egondako guztiei. Balorazioa egiterakoan hor jazotakoa kontuan hartuko dugu, guztiz zaindu beharreko gaia iruditzen zaigulako".