argia.eus
INPRIMATU
ETBk “Cuadrilla busca cita” saioa kenduko du, eduki sexistarengatik kritikak jaso ostean
  • ETBk erretiratu egingo du "Cuadrilla busca cita" saioa. Reality-showaren eduki sexista dela-eta polemika izan da aste honetan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko ekainaren 20a
ETBk erretiratu duen saioan mutil talde batek galdetegia egin zien banaka hainbat neskari, bikoterik ez zeukan koadrilako kidearentzat egokiena zein zen erabakitzeko. Polemika handia piztu zuen lehen unetik (argazkia: EITB).

Kate publikoak erabakiaren berri emateko argitaratu duen oharrean azaldu duenez, EITBren betebeharra da "interes taldeak" entzutea, hartara iritzi publikoarekin ahalik eta modu onenean konektatzeko.

Saioaren eduki sexista dela-eta sortu den polemika kontuan izanda, EITBk adierazi du "gizarte demokratiko baten printzipio eta baloreak" errespetatuz eta profesionalen sormen-askatasuna babestuz jardun duela zuzendaritzak.

"Hainbat eragile sozialekin izandako elkarrizketek" eraman dute ETB saioa kentzera. Era berean, oharrean eskerrak eman dizkiote saioaz arduratu den ekoiztetxeari, egoera "bideratzeko" erakutsitako jarrerarengatik.

EITBk bestelako oharra argitaratu zuen aste honetan bertan, saioak legea errespetatzen zuela esanez eta programaren edukia justifikatuz.

Geroztik kritikak ugaritu egin dira, EAEko oposizioko alderdi gehienek eskatu dute saioa kentzeko eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioa deitua zuen larunbatean eskari berarekin.