argia.eus
INPRIMATU
ETB jasotzeko akordioa lotzeko bilera eginen dute astelehenean Nafarroako eta EAEko gobernuek
  • Sanchez de Muniainek (UPN) “legearen eta Nafarroako telebisten interesen aurka” jardutea egotzi dio foru exekutiboari. Ollo kontseilariak dio gobernuak legea errespetatu duela, eta UPN ETBrekin “obsesionaturik” dagoela.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2015eko abenduaren 18a
ETBko eguraldiaren mapa. (Arg.: EITB).

ETB Nafarroa osoan Lurreko Telebista Digitalaren bitartez jasotzerik izan dadin akordio instituzionala lotu nahi dute Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuek, eta hori bultzatzeko bilera eginen dute astelehenean. Hala jakinarazi du gaur Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak parlamentuan, UPNren galdera baten karietara.

Sanchez de Muniain: “ETB Nafarroako kanalak inbaditzen ari da”

Itaun horretan, Juan Luis Sanchez de Muniain erregionalistak galdetu du ea zer egin behar duen Nafarroako Gobernuak “ETB Nafarroatik erretira dadin” eta “legezkotasuna berrezartzeko”. UPNko eledunaren irudikoz, kontua ez da eztabaidatzea ETB Nafarroan ikusi behar den ala ez, baizik eta aztertzea zer dela kausa jokatu duen Gobernuak “modu arbitrarioan beste erkidego bateko enpresa publiko batek foru Erkidegoko kanalak inbadi ditzan”.

Sanchez de Muniainen iritziz, “egun ETB modu ilegalean emititzen ari da, Nafarroako telebisten interesen aurka”, eta hartara  “gobernuak ez ditu defendatzen ez legea ezta telebista nafarren interes legitimoak ere”.

Ollo: “Sen onari jarraitu diogu, foru Erkidegoari batere kosturik eragin gabe”

Ana Ollo kontseilariak eledun erregionalistari erantzun dio UPN ETBrekin obsesionaturik dagoela, eta gobernuak “sen onak gidaturik eta kosturik txikiena bilatuz” jokatu duela. Ollok azaldu duenez, multiplex autonomikoa irtenbiderik onena da, eta ez dakarkio inolako gasturik foru Erkidegoari. “Ez gara batzuen alde eta beste batzuen kontra ari”, nabarmendu du kontseilariak. Halaber, zalantzan jarri du aurreko gobernuak lizentzia eta frekuentzia banaketan eduki zuen jokaera.

Maiorga Ramirez: “Lotsagabekeria da UPNk orain hori esatea”

Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek hain zuzen ere salatu du UPNko gobernuak banaketak “arbitrarietatez, aurreiritzi ideologikoz eta lagunkeriaz” egin zituela. Hari horretatik tiraka, EH Bilduko Maiorga Ramirezek “lotsagabekeriatzat” jo du alderdi erregionalistak orain halakoak botatzea.

Ahal Duguko Laura Perezek afera honen “politizazioa” salatu du. ETB Nafarroan ikustearen alde azaldu da, eta gaineratu du ilegaltasunik bada konpondu beharko dela. Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonek ez dakusa “lehiakortasun bidegaberik” ETBren eta Nafarroako telebisten artean. Eta aurrekontuen tramitazioan telebisten finantziazioa berrazter daitekeela gaineratu du.

PSNko Santos Cerdak esan du ez duela deus ETB Nafarroan ikustearen aurka, baina hori legalki egin behar dela, eta ez “hatza erabilita”. PPko Ana Beltranek ebatzi du gobernuaren jokaera “guztiz ilegala” dela.