Foro Sozial Iraunkorrak “DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa eta Bergizarateratzea) euskal kasuan: bideragarritasuna eta aukera” jardunaldiak antolatu ditu, ETAren desmobilizazioaren testuinguruan. Ekitaldi nagusia apirilaren 11n izango da, 16:30etik aurrera, Carlos Santamaría Zentroko Donostiako EHUko Antonio Beristain Auditorioan. Horrez gain, aste osoan zehar armagabetzeari eta bake prozesuari buruzko ekitaldiak izango dira.
Baionako antzokian egin zuten 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetzeari buruzko ekitaldi instituzionala, eta Baiona berriro ere protagonista bilakatuko da armagabetzearen urteurrenaren bueltan. Ostiral goizean Euskal Irratiak saio berezia egin du. Besteak beste, Jean Rene Etxegarai, Anaiz Funosas eta Agus Hernan izan dira Baionako estudioetan. Bestalde, igandean Koldobika Jauregi zizelkariaren Arbolaren egia obra estreinatuko dute Baionan.
Bake Bideak hiru eguneko jardunaldiak antolatu ditu Miarritzen, ostiralean hasita. Euskal Presoak: Egingarritik beharrezkora izenpetu dute, eta ETAren zein GALen biktimen senideak elkartuko ditu mahai inguru batean.
Bakerako “konpromisoa”
Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako ekitaldien atarian, EPPKko zuzendaritzako kide eta Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kide David Plari elkarrizketa egin dio Sud Ouest egunkarian, eta bertan berretsi du ETAk uda aurretik aditzera emango dituela bere barne eztabaidaren ondorioak. Bestalde, bake prozesuarekin eta DDRarekin ETAk duen “konpromisoa” berretsi du Plak.
Biktimei buruz galdetuta, Plak adierazi du haiei egin dakiekeen ekarpenik onena “gatazka erabat gainditzea” dela, eta “berriz ez gertatzeko bermeak jartzea”.
Bestalde, Espainiako Estatuko Gobernuaren jarrera salatu du, euskal presoak gerturatzeko ez duelako “mugimendurik” egiteko asmorik.
Elkarrizketak bide onean
Frantziako Justizia Ministerioko arduradunekin eginiko bilerak bide onetik doaz Bakegile taldeko Mixel Berhokoirigoinen hitzetan. Alabaina, prozesuan abiadura aldaketa bat eskatu dute bakegileek. Hau da, denbora pasatzen utziz gero, presoen egoera larria betikotu daiteke. Beraz, urgentzia gisako bat dago. Asteburu honetan gauzatzen ari diren ekimenek bidea areago zabaltzea eta presoen egoera aritzea espero dute bakegileek.