“ETAren demobilizazioa aldebakartasunez egin daiteke bere buruzagien bidez, baina bermatu behar da erabakia kide guztiena dela, eta berme argiak, sinesgarriak eta egiaztagarriak behar dira erabakiaren behin-betikotasunaz”. Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako jardunaldien ondorioen berri eman dute asteazkenean.
DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea) Euskal kasuan: bideragarritasuna eta aukera izeneko jardunaldia egin dute asteazkenean EHUren Donostiako Carlos Santamaria aretoan, Foro Sozial Iraunkorrak antolatuta. Azken egunetan ETAren armagabetzearen urteurrenaren harira Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako jardunaldien ondorioak plazaratu ditu Veronique Dudouet Berghof Fundazioko programen zuzendariak.
“Desmobilizazio argi batek erraztu egingo du erakundeek sinesgarritasuna aitortzea, aldebakarreko prozesu batetik elkarrizketa batera igarotzea ahalbidetzeko; ez soilik euskal erakundeekin, baita Espainiako Gobernuarekin ere, euskal gatazkari irtenbide inklusibo bat ematea oztopatzen duten lokarriak askatzeko”, esan du Veronique Dudouet Berghofek.
Foro Sozialean azpimarratu dute ETAren armagabetzean DDRaren printzipioak bete zirela, Espainiako Gobernuarekin hitzartu gabe egin bazuten ere. Orobat, desmobilizazioarekin beste hainbeste egin daitekeela ondorioztatu dute, beti ere “nazioarteko estandarrek jasotako printzipio orokorrak errespetatzen badira”.
Desmobilizazioa sinesgarritasunez egin behar dela esan dute Foro Sozialean, hau da, ziurtatu behar dela desmobilizazioan taldeko kide guztiak ados daudela. Honi lotuta, eta Naiz-ek otsaila bukaeran jaso zuenez, ETAk azken hausnarketaren ostean ondorioztatu zuen bere “zikloa agortuta” dagoela eta “prozesu politikoa indartzearen alde” egingo zutela.
Atzerriko gatazken berri eman dute Donostiako topaketan: Kolonbia, Ipar Irlanda, Filipinak eta Kongoko Errepublika Demokratikoko ordezkariak euren esperientziak ekarri eta Euskal Herrikoarekin alderatu dituzte.
Conciliation Resources fundazioaren Bakerako programaren zuzendari Kristian Herbolzheimerrek atzerriko adibideak jarri ditu. Kasurako, esan du Kolonbian, FARCentzako “pentsaezina” dela armak uztea. Euskal Herriko gatazkari helduta, nabarmendu du Espainiako Gobernuak ez dituela DDR prozesuaren helburuak bete: “Konfiantza sortzea, etorkizunean gatazka berpizterik saihestea eta adiskidetasuna sustatzea”. Kontrara, Espainiako Estatuak “ADSD” prozesuaren alde egin duela esan du: “armagabetzea, desmobilizazioa, salaketa eta damua”.