Bost urteko espetxe zigorra jarri dio astearte honetan Parisko Auzitegi Korrekzionalak Mikel Barrios Iruñeko preso ohiari. Datorren astelehenean sartu beharko da berriro kartzelan.
Barriosen defentsak helegitea aurkeztuko duela iragarri du, preso ohiak kontrolpean baina libre jarrai dezan. Epailearen esku geratuko da azken erabakia ordea eta, errekurtso hori ebatzi bitartean behin-behinean kalean segitzeko aukerari ateak itxi dizkiotenez, datorren astelehenean sartu beharko du kartzelara.
Iruindarra berriz espetxeratzeko erabilitako argudioen artean, Fiskaltzak zalantzan jarri du ETAren desarmatzea, esanez Frantziako Poliziak armak gordetzeko hainbat zulo aurkitu dituela. Ez hori bakarrik, gatazka armatua konpontzen saiatzeko prozesua bera ere auzitan jarri du “ETAko militanteak ez direla aldatu” adieraziz, Maite Ubiriak Naiz-en jaso duenez.
Argudio ulertezinak Barriosen defentsarentzat: fiskalaren jarrera deitoratu du, baina are larriagotzat jo du epaileak iritzi horiekin bat egitea. 2011. urtetik Euskal Herrian bakea lortzeko emandako urratsak gogora ekarri ditu. Horrez gain, Barriosen kasu partikularrean, nabarmendu du Ipar Euskal Herrian bizi dela eta lana baduela.
2017. urtean atxilotu zuten Barrios Alemanian Iñigo Gulinarekin batera. “Erakunde kriminaleko kide” izatea egotzita Frantziako Estatuak euroagindua ezarri zion eta Alemanian bi hilabete inguru kartzelan pasa ondoren, Osnyko presondegira eraman zuten, Paris inguruan. 2018ko urrian geratu zen aske. Geroztik epaileak ezarritako kontrol judiziala errespetatu duela nabarmendu du haren abokatuak.
Astearte arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Itsasun Barriosi elkartasuna adierazi eta epaiketa salatzeko.