argia.eus
INPRIMATU
ETAren biktimen bi elkartek Estrasburgoko epaia onartu dute
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 25a
AVTk Inés del Ríoren kaleratzea salatzeko egindako kartelak. (Arg: El País)

Estrasburgok 197/2006 doktrina atzera bota eta Inés de Río kaleratu ostean, “Garaile eta garaituak izango dituen bukaeraren alde, Justizia”, lelopean kalera ateratzera deia egin du AVT-k.

“Justizia” exijitzearekin batera, Espainiako Gobernuari eskaera zuzen bat egin dio: epaia ez betetzeko. Hau da, Del Río ez askatzeko eta 'Parot Doktrina' delakoa ez deuseztatzeko.

El País egunkariari egindako adierazpenetan, AVTko presidente Ángeles Pedrazak esan du Estrasburgo Giza Eskubideen Epaitegiak kaleratutako erabakia ez dela loteslea, “deklaratiboa” baizik. Horregatik, Rajoyren exekutiboari esan dio “intsumisio” jarrera hartzeko.

Autonomia Erkidegoetako Biktimen Federazioko lehendakari Joaquín Vidalek, aldiz, adierazi du sententzia ez aplikatzea ezinezkoa dela: “Inés del Río ez askatzea ilegala litzateke”.

Bide beretik jo du Segurtasun Indarretako Biktimen Elkarteko presidente Francisco Zaragozak. Hark zuzendutako elkarteak ongintzako futbol partidua antolatu du, mobilizazioaren egun berean. “Nahiago dut jendearekin egon, kritikatzea ez dagokigun erabakiak kritikatzen baino”, esan du.

Biktimen elkarteen arteko bereizketaz mintzatu da Zaragoza: “Ez dugu elkarren kontra kolpeka jardun behar. Elkartasuna behar dugu”.

AVT, biktima gehien biltzen duen taldea

“Pazientziak muga dauka”, esan du AVTko Pedrazak, auziaren harira. Hamairu autobus antolatu ditu mobilizaziora joateko. Estatuak biktimak “abandonatu” egin dituela salatu du.