argia.eus
INPRIMATU
ETAren beste urrats batek lukeen garrantzia nabarmendu du Foro Sozialak
  • Foro Sozial Iraunkorrak ekitaldia antolatu zuen asteartean, urriaren 17an, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren seigarren urteurrena dela eta. Bake prozesuan emandako aurrerapausoak eta etorkizunean landu beharreko erronkak finkatu zituzten. ETAren urrats batek lukeen garrantzia ere nabarmendu dute.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 18a
Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko presidenteak izandako bilakaera nabarmendu zuen (Argazkia: @ForoSoziala)

Hemendik aurrera jorratuko diren helburuak zehaztu zituzten. Hiru izango dira nagusiak: indarkeria mota guztien biktimekin bat egitea; presoak, deportatuak eta iheslariak gizarteratzea; eta, azkenik, iraganaren irakurketa kritikoa egitea, bi aldeak kontuan izanik. Horretarako, euskal agintarien, presoen eragileen eta gizarte zibilaren borondatea funtsezkoak izango direla adierazi dute.

Halaber, Foro Sozialaren eskumenetatik kanpo egon arren, ETAren aurrerapausoek izan dezaketen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek: “Erabateko armagabetzea eta militanteen gizarteratzea aurrera begira emango diren gertaerak izango direlakoan gaude”.

Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko presidenteak azken urteetan gertatuko den “konfiantza eraikuntza” nabarmendu du: “Euskal Herrian lanean hasi ginean, gizartearen komunikazio eza izugarria zen. Bi aldeen arteko elkarrizketa ezinezkoa zena. Ezkortasun sentsazio handia zegoen. Lan asko egin da honaino iristeko”.

Orain dela sei urte, 2011eko urriaren 17an, nazioarteko sei ikuskatzailek ETAren jarduera armatuaren amaieraren berri eman zuten Aieteko Nazioarteko Konferentzian.