argia.eus
INPRIMATU
ETAren azken atentatutik zortzi urte pasata, ezohiko polizia kopurua dauka Espainiak oraindik EAEn
  • 2.369 Guardia Zibil, 1.481 militar eta 1.317 Espainiako Polizia: EAEn Espainiako Estatuak dituen indar armatuen kopurua da. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Madrilgo diputatuak egindako galdera bati erantzunez eman ditu datu hauek Espainiako Gobernuak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 17a
Arg: Luis Jauregialtzo/Argazki Press

2017ko urriko datuak dira. Hain justu Espainiako indar armatuen zati handi bat Katalunian kruzeroetan lo eginez zebilen garaikoa. Guztira 5.167 Espainiako polizia edo militar daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 2.369 Guardia Zibil, 1.481 militar eta 1.317 Espainiako Polizia.

Bizkaia da indar armatu gehien dituen herrialdea, 1.082 Guardia Zibil eta 581 Espainiako Polizia. Gipuzkoan, 802 Guardia Zibil eta 470 Espainiako Polizia daude egun. Araba da Espainiako indar armatu gutxien dituen herrialdea, 485 Guardia Zibil eta 266 Espainiako Poliziarekin. EAEn dauden 1.481 militarren datuak ez ditu herrialdeka eman Espainiako Gobernuak, “segurtasun kontuak direla eta”.

Urriko datuez gain, azken hamar urteetan izandako bilakaeraren berri ere eman du Madrilek. 2008tik hona, 480 Guardia Zibil eta 105 Espainiako Polizia gutxiago daude, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Azken bi urteetan mantendu egin da EAEn dauden Guardia Zibil kopurua, aurreko urteetan pixka bat gutxitu bazen ere.

EH Bilduk Espainiako indar armatu eta polizialak, behin betiko Espainiara itzularaztea eskatu du. Koalizioak Twitter bidez gogora ekarri du EAEn 1.000 biztanleko ia zazpi polizia agente daudela, Europako beste herrialdeetan baino askoz gehiago.