argia.eus
INPRIMATU
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean
  • “Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua” dela salatu zuten astelehenean Bakegileek prentsaurrekoan.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 17a
Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramailea astearte goizeko agerraldian Irekia

Gobernu Bilera osteko astearteroko agerraldian egin ditu adierazpenak Ubarretxenak. Eusko Jaurlaritzak 2019an ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa txostena argitaratu zuen eta orduko Jaurlaritzak bertan esandakoak guztiz bere egin ditu egungo Jaurlaritzaren bozeramaileak. “ Eusko Jaurlaritzak bere garaian egin zuen txostena. 120 orriko txosten bat da, prozesu guztiari buruzkoa. Txosten hori publikoa da, eta, hortaz, Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan”.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan, astearte goizean, astelehenean Bakegileek egindako salaketa eta argitaratu dituzten bileren aktak aipatu dituzte. Adierazi dutenez, “Urkulluren inguruak” helarazi die lehendakari ohiak ere ez duela ezer berririk esateko.

Bakegileen salaketaz

Astelehen goizean prentsa agerraldia egin zuten Bakegileek Baionan, Luhusoko atxiloketen zortzigarren urteurrenean. Beren aurkako auzibide guztiak itxita, Bakegileen azalpena ETAren armagabetzearen azken faseko gertakari errealei buruz txostena aurkeztu zuten, Jaurlaritzaren 2019ko txostena egiten duen kontakizuna gezurtatzek helburuarekin. Txosten horren parte dira Jaurlaritzaren eta Bakegileen arteko orduko bileren aktak.

Besteak beste, gezurrak esatea, Frantziako Gobernuak izan zuen papera bere buruari "modu pixka bat patetikoan” egoztea, desarmatzea bera zailtzea eta Bakegileengan inongo konfiantzarik ez agertzea leporatu diote Bakegileek Jaurlaritzari.