argia.eus
INPRIMATU
UPyD babesik gabe geratu da Bildu eta Amaiur ilegalizatzeko eskatzean
  • UPyD alderdiak atzera bota zuen atzo bere mozioaren zuzenketa gisa PP, PSOE, CIU, EAJ, CC, IU-ICV-EUiA-CHA, Foro Asturias eta UPNk sinaturiko akordioa. Ondorioz, testua ez zen Espainiako Kongresuan bozkatu. 

2012ko otsailaren 22a
Rosa Díez UPyDko burua.

Testu alternatiboak ETAren amaiera kudeatzeko hainbat puntu zehazten zituen. Besteak beste, “indar demokratikoen” arteko elkarrizketarako deia egiten zuen, “ETAri behin betiko eta baldintzarik gabe desegitea eskatzeko”. Horrez gain, “elkarbizitza sozialerako ahaleginak sustatzea” ere eskatzen zuen akordioak.

UPyDk Amaiur eta Bildu ilegalizatzea eskatu zuen bere mozioan, baina ezezko borobila jaso zuen eta bere bost diputatuen babesa baino ez zuen izan. Kongresuko eztabaidan, PPren bozeramale Leopoldo Barredak “Gobernua ezbaian jartzea” egotzi zion Rosa Díez UPyDko buruari, eta PSOEko Ramon Jauregik proposamen “anakronikoa” dela esan zuen.

Amaiurko ordezkari Xabier Mikel Errekondok UPyDren mozioa ez ezik, honen zuzenketa ere gogor kritikatu du, bide-orri bat izan beharrean “amarru” bat delako bere ustez, eta “garaituen eta garaileen” ildoan sakontzen duelako. Errekondo atsekabetuta azaldu da EAJrekin, “PPren estrategiara makurtu da eta baztertzailea den akordio baten ondoan jarri da”, adierazi du Amaiurko eledunak.