argia.eus
INPRIMATU
ETAko kide izateagatik hamabi urtez preso egondako Marina Bernadó katalana berriro ere espetxera joateko arriskuan
  • Kataluniako Marina Bernadó Frantziako Estatuak Espainiako Poliziari entregatu zionekainaren 3an, ETAko kidetza egotzita hamabi urteko espetxe zigorra bete ondoren. Asteartean epaitu dute Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 05
Marina Bernadó, ekainean egin zioten ongi etorrian. Argazkia: ladirecta.cat.

Bernadóren aurkako prozedurak 2001ean du jatorria. Guardia Zibilak ETAren Bartzelona komandoaren aurkako polizia operazioa egin zuen orduan. Laura Riego, Diego Sanchez edo Zigor Larredonda katalanak atxilotu zituzten orduan, baina Bernadók ihes egin zuen. 2006an atzeman zuten, Quézac herrixkan (Okzitania). Hamabi urte eta erdi egin ditu preso, ekainaren 3an aske geratu zen arte. Baina Frantziak Espainiako Poliziaren eskuetan utzi zuen, ordea.

Poliziak Auzitegi Nazionalera eraman zuen kataluniarra. Epaileak kautelazko neurriekin behin-behineko askatasunean aske utzi zuen Bernadó, epaiketa egin bitartean. Asteartean egin da azkenik epaiketa.

Kolaborazioa edo kidetza

Bernadóren defentsarekin hitz egin ostean Directak informatu duenez, epaiketaren muina kolaborazio eta kidetza delituen arteko eztabaida izan da. Defentsak argudiatu du Bernadó ETAko kide zela, bere delitua epaitua dagoela Frantziako Estatuan eta hortaz akusatuak zigorra betea duela jada. Delitu bera ezin da bi aldiz zigortu, legearen arabera. Kidetza hori frogatzeko probak aurkeztu ditu defentsak. Fiskaltzak ezohiko jarrera hartu eta Bernadóren aurkako akusazioa jaitsi du, ETAri laguntza eman izana egotziz. Fiskaltzaren arabera delitu ezberdinak dira kidetza eta kolaborazioa eta orduan posible litzateke Bernadó zigortzea. Defentsak uste du edonola ere kolaborazioa jada epaitua izan den kidetza delituaren barnean sartuko litzatekeela.

Epaia uztailerako edo irailerako ebaztea aurreikusten da.