argia.eus
INPRIMATU
“ETAko presoen hurbilketak egon daitezke uda bukatu baino lehen”
  • Presoen hurbilketa “bizikidetzara begira dagoen” espetxe politikaren barruan dagoela adierazi du Espainiako Gobernuak Euskal Autonomi Erkidegoan duen ordezkari Jesus Lozak. Sanz eta Moreno euskal presoak Basaurira hurbildu izana “legea zorrotz betetzea” dela dio.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 09a
Jesus Loza

Jesus Loza, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomi Erkidegoan duen ordezkariak ostegun goizean SER irrati katean azaldu duenez, “ETAko presoen hurbilketak egon litezke uda bukatu baino lehen”. Euskal Presoen hurbilketa “bizikidetzari begira dagoen” espetxe-politika dela adierazi du eta presoek autokritika prozesu bat egin behar dutela.

Olga Sanz eta Xabier Moreno Basauriko espetxera hurbiltzea, “legea zorrotz betetzea” dela dio. Gizarteratzeko legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituztelako.

Sanz eta Morenoren hurbilketak, erreakzio ezkorrak ere eragin ditu.

Ciudadanos eta PP alderdiak bi preso horien hurbilketa kritikatu dute. Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministro ohia kritiko agertu da bi presoen lekualdaketarekin, biktimek, “erabateko aitorpena” merezi dutelako.

 Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du, Espainiako Gobernuak legea bete behar duela eta legeak ez duela ezer esaten barkamenari buruz, “bakoitzaren kontua da hori”.