argia.eus
INPRIMATU
ETAko buruzagitza kanporatu du Norvegiak, Ser irratiaren arabera
  • Ser irrati kate espainiarrak zabaldutakoaren arabera, zortzi hilabetez Norvegian izan diren ETAko kideak kanporatu ditu herrialdeko Gobernuak, bake prozesuan aurrerapausorik eman ez dela-eta. Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal dagoeneko Frantzian leudeke, informazio hauen arabera.

ARGIA @argia 2013ko martxoaren 05a
Josu Urrutikoetxea izango litzateke kanporatuetako bat.

Ezker abertzaleak ez du gaiari buruzko adierazpenik egin oraingoz.

Ser-eko iturrien arabera, zortzi hilabetez, hiru buruzagiek bilerak egin dituzte nazioarteko egiaztatzaileekin, Oslon eta Norvegiako beste hainbat herritan. Helburua, preso politikoentzako bide-orria zehaztea zen. Negoziazioek, ordea, ez dute aurrera egin, egoera blokeatuta dago eta Frantziara berme guztiekin kanporatzea erabaki zuen Norvegiako Gobernuak. Polizi iturrien esanetan, Espainiako Gobernuaren oniritzia du erabakiak, nahiz eta Barne Ministerioak ofizialki esan duen ez dagoela jakinaren gainean.

ETAren jardun armatuaren amaiera Egiaztatzeko Nazioarteko Batzordeak kezka agertu du azken asteotan, "urratsik ez delako eman duela hilabete batzuetatik, bi aldeetatik".

Filtrazioak aurretik ere

Otsailaren 11n Efe berri agentziak zabaldu zuen ETAko buruzagitza Nazioarteko Harreman Taldearekin bilerak egiten ari zela Norvegian. Albiste hartan hainbat datu ematen ziren, eta ezker abertzaleak filtrazioen inguruko kezka agertu zuen. Alderdi independentistako iturriek adierazi dute "halako informazioak filtratzen dituztenek nazioarteko egiaztatzaileek ezarritako soluzioen agenda desbirtuatu nahi dute".