argia.eus
INPRIMATU
ETAk hil zuen PPko zinegotzi baten semeak Casadori: “Bada garaia zuen politika gure hildakoetan baino zerbait gehiagoan oinarritzeko”
  • ETAk 1998an Zarautzen hil zuen zinegotziaren semea da Mikel Iruretagoiena. Larunbatean PPk omenaldia egin zion José Ignacio Iruretagoienari. “Utzi nire aita bakean, mesedez!”, adierazi du haren semeak.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 11
Larunbatean PPk omenaldia egin zion Iruretagoienari. Argazkia: EFE.

Omenaldia Zarauzko hilerrian bertan egin zuen EAEko PPk. Egun berean, alderdiaren presidente Pablo Casadok bere Twitter kontuan idatzi zuen: “Biktimak beti egongo dira gure oroimenean, eta [Espainiako] Gobernuak aste honetan terroristak bisitatu dituztenekin eta "erregimena botatzeko mehatxua" egiten dutenekin ituna egitea gaitzesten dugu”.

Familiako inor ez omenaldian

Igandean sare sozial berdina erabilita erantzun dio Mikel Iruretagoienak Casadori: “Casado jauna, ni naiz argazki horretan agertzen den umea. Esan nahi nizuke oso polita geratu zaizuela gaur nire aitari egindako omenaldia. Hain polita, familiako kide bakar bat ere ez dela ekitaldian izan. Jarraitu horrela jokatzen biktimen familiekin, primeran joango zaizue eta. Utziozue biktimen lepora bizitzeari, bada garaia zuen politika gure hildakoetan baino zerbait gehiagoan oinarritzeko. Utzi nire aita bakean, mesedez!”.