argia.eus
INPRIMATU
ETAk eskutitzez adierazi die hainbat eragileri desegitearen erabakia
  • Eldiario.es agerkariak filtratu du gutuna. Apirilaren 16ko data du eskutitzak eta “bere egitura guztiak erabat desegin” eta “bere ekinbide politikoa bukatutzat jo duela” adierazi du ETAk.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 02a

Erabaki horrek, “ETAren 60 urteko ziklo historikoa ixten du. Ez du gainditzen, ordea, Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazka politikoa. Gatazka ez zen ETArekin hasi eta ez da ETAren ibilbidearekin batera bukatu”, gutunaren arabera.

Euskal Herria aukera berri baten aurrean dagoela dio ETAren agiriak: “Gatazkaren zikloa behin betiko itxi eta bere etorkizuna denon artean eraikitzeko. Ez ditzagun akatsak errepikatu, ez ditzagun arazoak usteltzen utzi. Hori arazo berrien iturri baino ez litzateke izango”.

Sufrimendua iraganeko kontua ez dela dio eskutitzean: “Urtetako konfrontazioak zauri sakonak utzi ditu eta sendabide egokia eman behar zaie. Batzuk odoletan daude oraino, sufrimendua ez baita iraganeko kontua”.