argia.eus
INPRIMATU
ETAk “doluminak” helarazi dizkio erakundearen azken biktimaren sendiari
  • ETAren azken biktima izan zen Jean-Serge Nerin jendarmearen heriotza “zinez sentitzen” duela adierazi dute Parisen epaitzen ari diren erakunde armatuko lau kidek agiri baten bidez.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 13a
Parisen Bakearen Artisauek deituta abenduaren 9an egindako manifestazioa.

Xabier Goienetxea, Izaskun Lesaka, Arkaitz Agirregabiria eta Josu Urbietaren aurkako epaiketa azaroaren 20an hasi zen Parisen eta abenduaren 13an akusatuek auziari buruzko azken hitza esateko duten aukera baliatu dute adierazpena egiteko. Esan dutenez, Nerin hil zen tiroketa ez zuen ETAk bilatutako zerbait izan.

Su-etena hasi berritan

2010eko otsailean ETAk ekintza armatu gehiago ez egitea erabaki ondoren gertatu zen: Parisko epaituen agirian irakurtzen denez, “babes logistiko bila” ari ziren erakunde armatuko kideek “auto kopuru handi bat eskuratzeko operazioa” egin zuten. Operazio horren testuinguruan, tiroketa bat hasi zen talde armatuko kideen eta Frantziako Poliziaren artean eta Nerinek hiru tiro jaso zituen ETAko kideen aldetik. Beste polizia bat ere zauritu zen tiroketan.

“Kaltea eragin zuen horrek. Kalte politikoa, erasoko ekintzak bertan behera utzi eta berehala horrelako gertakari bat jazo izanak hasitako bake ahaleginari sinesgarritasuna kendu ahal ziolako”, irakur daiteke epaiketako saioaren ostean publiko egin den agirian. “Zoritxarreko gertaera hark, gainera, kalte humano handia eragin zuen. Jean-Serge Nerin brigadier burua bertan hil zen ETAko kideek jaurtitako tiroaren ondorioz. Heriotza hura zinez sentitzen dugula jakinarazi nahi dugu publikoki, eta gure doluminak azaldu nahi dizkiegu bere sendiari”, dio komunikatuak.

“ETAk bere ekintzekin eragindakoa onartzen du. Are gehiago egin beahr dugu denok baketa eta askatasuna ekarriko dituen etorkizun berri bat erdiesteko”, jarraitzen du dokumentuak. “Euskal herritarrek gure hitza dute egitasmo horretan gure konpromiso osoa izango dutela”.

Epaiketa amaituta

Azken adierazpen horrekin amaitutzat eman da epaiketa eta asteazken arratsaldean espero da lau akusatuentzat sententzia. Maryvonne Caillibotte fiskalak eskatu du 2015ean auzipetuei ezarritako zigorra mantendu dadila: 25 urteko kartzela zigorra Agirregabiriarentzat, 16koa Urbietarentzat eta 14koak Goienetxea eta Lesakarentzat.