ETAk hiru ardatzen gainean eraikitako "bakerako agenda" proposatu du Gara egunkariari bidalitako agirian. Alderdiek proposamenaren inguruko iritziak plazaratu dituzte, aldekoak eta kontrakoak.
Presoak etxeratzea aipatu du erakunde armatuak agenda horretako lehenbiziko puntuan. Erakundea bera desarmatzea da bigarren puntua, baita bere militanteak desmobilizatzea ere. Azkenik, Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak ere nabarmendu ditu ETAk, "Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio armatuaren amaierara egokituz".
Hiru helburu horiek lortu asmoz, Espainiako eta Frantziako gobernuekin epeak eta urratsak zehazteko borondatea adierazi du ETAk, akordioetara iritsiz gero "konfrontazio armatuaren behin betiko amaiera" etorriko dela ziurtatuz.
Ezker abertzaleak ETAk aurkeztutako proposamena “bakeari ekarpena” dela adierazi du. Maribi Ugarteburu bozeramaileak dio “ETAk gatazkaren ondorioak konpontzeko aurretiko jarrera zabaldu duela”. Frantziako eta Espainiako estatuek proposamena onartuko balute konponbidearen “bezpera” izango litzakeela gaineratu du, baina orain arte hartutako neurriek “bakearen kontrakoak” izan direla. Ugarteburuk zalantzan jarri du bi gobernuen jarrera aldatuko ote den, horregatik, eragile sozio-politiko guztiei irakurketa eta balorazio “sakona” egiteko eskatu die.
Aralarrek, Alternatibak eta Lokarrik ere ETAren proposamena babestu dute. Aralarrek ETAren “borondatea” azpimarratu du, eta positibotzat hartu du “herria eta herritarrak izatea gatazkaren konponbidearen ardatz”. Bakea lortzeko akordioak egon behar direla gaineratu du, elkarrizketa “premiazkoa” dela. Lokarrik zailtasunen aurrean prozesua aurrera doala esan du eta ETAk “erritmoa errespetatu” beharko lukeela. Zailtasun nagusiena bi estatuek “aurrerapausorik ez ematea” dela adierazi du.
EAJko Iñigo Urkulluk ere ETAri erantzun dio. Urkulluk dio bakea ezin dela lortu komunikatuen bitartez, erakundearen amaiera iragartzeko ez bada, behintzat. Gai hau “diskrezioz” jorratu nahi duela eta “demokrazian bide guztiak irekiak daudela” gaineratu du proposamenari uko egin ondoren.
Jorge Fernandez Díaz Espainiako barne ministroak esan du ez duela ETArekin negoziatuko, “inolaz ere”, eta baldintzarik gabeko disoluzioa eskatu du: “Ez dugu negoziatu eta ez dugu negoziatuko erakunde terrorista batekin, baldintzarik gabeko disoluzioarekin soilik lan egingo dugu”. Antonio Basagoitik ere Gobernuak ez duela “ezer” emango esan du. “Lehen ETAk heriotz-mehatxuak egiten zituen, orain testu eta komunikatuekin mehatxatzen du”, dio Basagoitik.
PSEren izenean José Antonio Pastor bozeramaileak hitz egin du: “Espainiako eta Frantziako estatuak eta demokrazia baldintzatu nahi ditu, baina ez dute estatu honetako politika baldintzatuko”.
UPyDko Gorka Maneirok proposamena “xantaia onartezina” gisa izendatu zuen. Komunikatu batean eskatu zion espainiar estatuari “tresna guztiak erabil ditzala ETAk itxaropen guztiak galdu eta hura suntsitzeko”.
Yolanda Barcinak eskatu du ETA “behingoz” desagertzea, UPNk ez duela “terroristen” baldintzarik onartuko: “Inork ez dezala pentsa UPNk beste aldera begiratuko duenik, inoiz ez dugu egingo”.