Azken hilabeteetako gertakariei buruz ETAk egiten duen irakurketa argitaratu du Gara egunkariak. Erakunde armatuak urtarrilaren 11ko manifestazioa “inflexio une” gisa hartu du eta “urrats esanguratsuak” iragarri ditu gatazkaren konponbidera bidean.
ETAren ustez Euskal Herriko bake prozesuaren geldialdiarekin “eroso zeudenak urduri jarri dira” EAJk eta Sortuk bat egin zuten manifestazio jendetsuaren ondoren. “dagoeneko diskurtso batzuk egokitzen hasiak dira eta gero eta gehiago dira Espainiako Gobernuaren ildoa desegokitzat jotzen dutenak”, erakunde armatuaren ustez.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Euskal Herriko Foro Sozialaren gomendioak bere egiten zituela esanez argitaratu zuen komunikatua eta konponbidearen aldeko indar metaketa “oinarri sendoak” dira ETAk agirian dioenez pauso gehiago eman ahal izateko.
“Luze gabe” etorriko dira urrats horiek agirian dioenez. Foro Sozialaren gomendioen artean dago ETAren desegite kontrolatua.
ETA prest dago “konponbidea eta bakea lortzeko” elkarrizketetan parte hartzeko, baita konponbidera bidean erakunde armatuari eragiten dioten gaiak “agendan sartzeko”.
Horretarako bake prozesua sustatzeko batzordearekin harremanetan jarriko direla iragarri du. Iazko abenduan jendaurrean aurkeztu zen talde hori Foro Sozialak sortu zuen, zortzi kidek osatzen dute eta aipatutako gomendioak betetzen direnentz egiaztatzea du xede.