argia.eus
INPRIMATU
ETAk aurten iragarri dezake bere desegitea
  • Hori da astelehen honetan Deia egunkariak argitaratu duena eta, honen arabera, erakunde armatuak urte bukaerarako eman dezake desagerpenaren berri.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 03a

Eztabaida irekia ei du ETAk eta hiru alternatiba dira mahai gainean Bizkaiko egunkariak jakinarazi duenez: lehena, erakunde politiko gisa jarraitzea litzateke; bigarrena publikokik ezer jakinarazi gabe desegitea litzateke, Iparretarrak erakundeak egin zuen gisa; eta hirugarren aukera desegitea publikoki jakinaraztea. Barne mailako eztabaidan hiru desegite molde horiei buruz ari omen dira eztabaidatzen erakunde armatuko kideak.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere bere ildoa berrikusiko duela jakinarazi du eta “banan-banako“ bideak jorratuko dituztela iragarri ondoren, euskal gizarteko eragile ia guztiek ontzat eman dute berria.

Eusko Jaurlaritzaren ustez erabakia norabide onean doa eta “positiboa da presoek hamarkada hauetan beren espetxe-egoera hobetzeko aukera legalei heldu ezin izatea bezalako ohiz kanpoko egoera bat zuzentzen duelako”. Sortutik eta PSE-EEraino balorazio onak egin dira presoen iragarpenaz eta denek uste dute hemendik aurrera espetxe politikan ere aldaketak egon beharko liratekeela.

Salbuespen bakarra PP izan da eta Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroaren esanetan, Gobernuak egungo espetxe politikari eutsiko dio ETA desegin arte. Haren ustez ETAko presoak gainerako guztiak bezalakoak dira eta ez dituzte haiek baino mesede gehiago izango.

EPPK-k asteburuan iragarri berri duenez, bere kolektiboaren %82k parte hartu du ildo berriaren eztabaidan eta %73k onetsi du zuzendaritzak prosatutakoa. Erabakiak berretsi egiten du kolektiboak 2013an erabakitakoa: preso bakoitzak banan-banan baliatu ahal izango duela Espainiako legediak gaur egun eskaintzen dituen aukera guztiak. Bi muga jartzen ditu EPPK-k: “damutzea eta salaketa”.