Armagabetzeko bidean aldebakarreko lehen pausoa eszenifikatu du gaur ETAk. Hala adierazi du Ram Manikkalingam buru duen Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) Bilboko Carlton hotelean egin duen agerraldian. Hori frogatzen duen bideoa ere badagoela gaineratu dute; BBCk zabaldu du.
NEBren arabera, ETAk emandako pausua "sinesgarria eta esanguratsua" da. "Erabaki honek ETAren arma, munizio eta leherkari guztien indargabetzea ekarriko duela uste dugu".
2013ko apirilean jarri zen ETA NEBrekin harremanetan Manikkalingamek adierazi duenez, armen zati bat zigilatzeko prozesua egiaztatzeko eskatuz. Batzordeak onartu egin zuen eskaera, eta aurtengo urtarrilean gauzatu da arma horien indargabatzea.
Fusil bat, pistola bat, bi errebolber eta leherkariak daude ETAk zigilatu duen materialaren artean, agerraldiaren ostean banatu duten inbentarioaren arabera.
Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordea Manikkalingam, (Sri Lanka), Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Chris Maccabe (Britainia Handia), Satish Nambiar (India), Aracelly Santana (Ekuador) eta Fleur Ravensbergenek (Herbehereak) osatzen dute.
ETAk zigilatutako materialaren inbentarioa
Honakoa da Bilboko Carlton hotelean kazetariei banatu zaien inbentarioa biltzen duen testua:
"Euskadi Ta Askatasunak, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea lekuko, honoko materialaren zigilatzea burutu du.
Armak eta munizioa:
G3 fusil luzea: 1
Smith&Wesson 22 long rifle pistola: 1
Smith&Wesson Lady Smith errebolberra: 1
Arminius HW1G errebolberra : 1
Balak 38 SP : 300
Karga hutseko Hepat granada : 2
Leherkariak
Pentrita: 4,50 Kg
Kazkabarra: 8,00 Kg
Sodio kloratu xehatua: 4,00 Kg
Nitromanitola: 10 g
Pentritaz osatutako 15 g-ko lokarri detonatzaile industriala: 120 m
Pentritaz osatutako 12 g-ko lokarri detonatzaile industriala: 70 m
Gailuak
AKT-Atzera Kontaketa Tenporizadorea: 2
ET-Eguneko Tenporizadorea : 3
Dardar Lapa-Mugimendu sentsore elektronikodun tenporizadorea: 1
Merkurio Lapa-Merkurio bidezko mugimendu sentsoredun tenporizadorea: 3".
Batzordea alderdiekin bilduta
Alderdi politikoak batzordearekin bildu dira gaur arratsaldean, eta gaur bertan egingo dituzte lehen balorazioak.
Erreakzio horiek jasotzen joango gara desarmearen hasierak eragindako iritzi eta analisien bilduma honetan.