Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak adierazpen baten bidez jakinarazi du ETAren txostenak jaso dituela. Erakundeak bere armak zigilatzen jarraitzen duela baieztatu dute eta ez duela beste “hilketa, atentatu, mehatxu eta estortsiorik egin”.
Naizek jaso duenez, Egiaztatze Batzordeak bere hiru urteko ibilbidea berrikusi du adierazpenean, 2011ko irailean sortu zenetik gaur arte.
ETAren su-eten iraunkorra eta armagabetzea egiaztatzeko sortu zen batzordea, eta orain arte “ETAk hartutako konpromisoak bete” egin dituela baieztatu dute.
2014ko urtarrilean ziurtatu zuten ETAk zenbait arma, munizio eta leherkari zigilatu dituela dagoeneko.
Batzordeko egiaztatzaileak dira Ronnie Kasrils Hego Afrikako Defentsa ministro ordea, Chris Maccabe Ipar Irlandako Espetxe Erregimen burua, Fleur Ravensbergen Dialogue Advisory Group-eko zuzendari ordea, eta Ram Manikkalingam, Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea, besteak beste.
Ahaleginak indartzea
Adierazpenean diotenez, “indarkeriaren amaiera lortzeko ahaleginak indartzea da Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen nahia”. Horretarako lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialekin elkarlanean, “prozesua lehenbailehen amaitu dadin”.