argia.eus
INPRIMATU
ETAk aditzera eman du erakunde armagabea dela dagoeneko
  •  “ETAk Euskal Herriari eta Nazioarteko Komunitateari jakinarazi nahi die jadanik erakunde armagabea dela”. Horrela hasten da ostiral goizean zabaldutako oharra, armagabetzerako finkatutako dataren aurreko egunean. ETAk Baionako hitzordua jo du armagabetzearen berme gisa eta Espainiako eta Frantziako Estatuek jar ditzaketen oztopoez ohartarazi du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 07a

BBC Erresuma Batuko telebistaren bitartez plazaratu du ETAk albistea: dagoeneko erakunde armagabea da, zituen arma eta lehergailuak gizarte zibilaren eskutan baitaude. Testua euskaraz, gazteleraz, ingeleraz eta frantsesez zabaldu dute eta nazioarteko komunitateari zein euskal gizarteari zuzentzen zaio.

"Ibilbide gogorra eta zaila izan da, Espainiako eta Frantziako estatuek ahal bezain beste oztopo jarri dituztelako, garaituen eta garaileen eskeman tematuta, bide polizialean gotortuta", adierazi du ETAk. Era berean, gizarte zibilak armagabetze prozesuan hartutako ardura eskertu du, baita erakundeek emandako babesa ere. “Usteltzear zegoen blokeo egoera gainditzeko ekarpen erabakigarria egin dute”.

Armagabetzea gauzatuta egon arren, prozesua bihar amaituko dela gogorarazi du. “Ohartarazi behar dugu bakearen etsaien erasoaldiak jasan ditzakeela”. Armagabetzea lortzeko berme bakarra Baionan bilduko diren herritarrak direla ziurtatu du.

“Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain”, adierazi du ETAk. Konpromisoak hartzeko unea dela gaineratu du, “herriaren askatasuna” eta “gatazkaren konponbidea” lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko.

Martxoaren 17an aditzera eman zuten moduan, apirilaren 8an egingo dira ETAren armagabetzeko ekitaldi publikoak Baionan. Goizeko bederatzian hasiko dira eta arratsaldeko hiruretan izango da elkarretaratze nagusia, Paul Bert plazan, Baiona Ttipian. Azken egunetan Hego Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta instituzionalak babestu du armagabetzea.