argia.eus
INPRIMATU
Eta zu zer torturatzaile mota zara, kontserbadorea ala progresista?
  • Euskal herritarren aurkako torturaren irudi gordinak dira Unai Romano gasteiztarrarenak. Bi argazkien artean, 30 ordu, hainbat guardia zibil eta epaile bat daude. Egun epaile horietako bat Espainiako Gobernu "progresistako" barne ministroa da eta torturatzaile frankistei dominak kentzeko asmoa azaldu du.
Axier Lopez @axierL 2020ko otsailaren 13a

2001eko irailaren 6ko goizaldean Guardia Zibilak Unai Romano gaztea atxilotu zuen Gasteizen. Madrilgo komisaldegi batera eraman eta egun batez torturatu zuten bertan. Buruan etengabeko kolpeak, elektrodoak barrabiletan, zakilean eta belarrietan jarriz, eta "igogailua" eta "poltsa" sistemak erabiliz, besteak beste. Biharamunean erietxera eraman zuten. Handik gutxira, atxiloaldian Unai Romano zaintzeko ardura zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera eraman zuten. Guillermo Ruiz Polanco epaileari azken egunean sufritutako torturak azaltzen hasi, baina minutu erdira, bere solasa moztu eta ondokoa esan zion Fernando Markaslak argazki horretan agertzen den aurpegia deformatuari begira: "Urte asko daramat Guardia Zibilarekin batera lanean, eta jende askori entzun diot torturak sufritu dituela esanez". Laburbilduz, tortura salaketak ez dituela sinisten eta espetxera bidaltzeko. Unai Romano espetxera bidali zuen eta bere aurpegi hanpatua torturaren ikur bilakatu zen Euskal Herrian.

Hamar urte geroago, Beatriz Etxeberria bilbotarraren kasu ezagunean, Auzitegi Nazionaleko epaileen modus operandi bera errepikatu zuen Fernando Marlaskak beste kasu ezagun batean. Komisaldegian poliziek bortxatu izana salatu zuen Etxeberriak. Izan ere Madrilgo salbuespen epaitegian Marlaska ez zen alferrik ari torturatzaileen lagun handi baten ordezko: egun munduan barrena “giza eskubideen defendatzailez” mozorrotuta ari den Baltasar Garzonena.

Kasu hauek parez pare izan ditu urteotan Alberto eta Jon Iñarritu senatariaren eskutik:

 

 

Grande Marlaskak karrera politikoa egiten jarraitu zuen. Auzitegi Nazionalean jardun zuen garaian (2004-2013), tortura salaketak ez ikertzeagatik Estrasburgok Espainiari jarritako bederatzi zigor kasuetatik seitan bera izan zen instrukzio epailea. 2013an Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak txosten batean nabarmendu zuen "harrigarri" egiten zitzaiola, 2011n aztertu zituzten bost hilabetetan, inkomunikazio erregimenean izandako atxiloketa guztiak "torturaren aurka inolako babesik aplikatzen ez duen epaile batek baimendu" izana. Fernando Grande-Marlaskaz ari ziren. 2013ko azaroan Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal izendatu zuten, Alderdi Popularrak proposatuta. Eta 2018n, oraingoan PSOEk proposatuta, Espainiako Gobernuko Barne ministro egin zuten. Gaur arte.

Egunotan frankismo garaiko torturatzaileei Espainiako "demokraziak" emandako sari eta dominak berraztertzeko asmoa adierazi du Espainiako Gobernuak. Eztabaida hori egin bitartean gogoan izateko moduko kontu batzuk aipatu nahiko nituzke.

Batetik, tortura sistematikoa azalarazten duen lehen txosten ofizialak hiru urte bete baditu ere, torturatzaileengan ez du inongo eraginik izan. Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Pako Etxeberriak gidatutako taldeak izebergaren muturra azalarazi du: 1960 eta 2014 artean EAEn lau mila torturatu baino gehiago izan dira. Inork ez du ukatzen, ezta Etxeberriak berak ere, zenbaki hori askoz handiagoa dela. Euskal Memoria taldearen azken txostenak 5.657 kasu baieztatu ditu. Tortura horietatik 2.677 (%47) Espainiako Poliziak egin ditu, 2.348 (%41) Guardia Zibilak, eta 407 (%7) Ertzaintzak.

Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zuten Guardia Zibileko koronela.

Bestetik, "Hamar metrora jarrita buruan tiro egiten badizut, eta ihes egiten ari zinela esaten badut, kondekoratu egingo naute". Elkarrizketetan sarri aipatzen du Unai Romanok guardia zibil batek berari esandakoa, gogoan ondo gordeta geratu zaiolako. Euskal Herrian torturengatik edo estatu terrorismoagatik zigortuak izan diren polizia gehienak indultatu edota saritu ditu aldian aldiko Espainiako Gobernuak. Adibide ona da Guardia Zibileko koronel Manuel Sánchez Corbí torturatzailea. 1997an Kepa Urra torturatzeagatik zigortu ostean, 1999an Aznarren gobernuak indultatu zuen eta 2018ko irailean, Marlaskaren agindupean, Espainiako Barne Ministerioak domina eman zion.   

Eta azkenik, ez da kasualitatea, aste honetan Espainiako Kongresuan, EH Bilduk kontu hauetaz galdetuta, ondorengoa esaten amaitu izana Marlaskak: "Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Eskuadra Mossoak zoriondu nahi ditut urrian egindako lanagatik". Poliziek kataluniarrei erreferendumaren egunetan emandako makro-jipoiaz ari zen. Baltasar Garzonekin batera, Espainian izan den torturatzaileen babesle nagusienetako batek du torturatzaileei dominak kentzeko eta emateko ardura. “Bigarren Errepublikatik hona, inoiz gertatu ez den koalizio gobernu progresista” batean.