argia.eus
INPRIMATU
Hitzez
Eta, zaintzaile diren baserrietako emakumeak, nork zaintzen ditu?
  • Urola Kostako baserriko bost emakumek sortu zuten 2007an Hitzez elkartea, landa eremuko emakumeen osasuna hobetzeko helburuarekin. “Zaindariei zuzendutako sostengu-taldeetan ezagutu genuen elkar, eta lanketa bat egin ondoren, 2006an erregistratu genuen elkartea”, azaldu du Ana Mari Eizagirre kideak. Izan ere, bost bultzatzaileak ohartuak zeuden besteen zaintzaz arduratzen ziren emakume asko osasunez eta mentalki ondoezik zeudela. Emakume baserritarrei ez ezik, herritar guztiei zuzendutako ekimen ugari antolatu dituzte urte hauetan.

Garazi Zabaleta 2023ko urriaren 23a

“Sortu ginenean, hutsunea baino, emakume baserritarron artean gauzak partekatzeko beharra zegoela esanen nuke”, dio Eizagirrek. Izan ere, emakumeek historikoki izan duten eginkizunetako bat familiako beste kideak zaintzea izan da, baita baserrian ere. “Gure bizipen, zailtasun, beldur, poz eta antsietateak adierazteko lekurik ez dugu izan emakume baserritarrok”, diote taldearen aurkezpenean. Guztiek dituzten arazo ekonomiko, emozional nahiz bizikidetzakoei elkarrekin, bizipenak partekatuz, aurre egiteko asmoz abiatu zuten taldea.

“Sortu ginen garai hartan, gainera, ez zegoen emakume baserritarren osasunari begirako ekimenik. EBEL taldea martxan zegoen, baina eskubideen aldarrikapenari begirako lana egiten zuen batez ere”, gehitu du kideak. Bada, behar eta hutsune hori betetzeko saiakeran ari dira elkarteko kideak geroztik, urtero programa bat proposatuta hainbat tailer, hitzaldi, formazio eta topaketekin. Emakumeen Etxeekin, Landa Garapeneko Elkarteekin eta beste zenbait entitaterekin elkarlanean antolatzen dituzte horietako ekimen asko.

Urteko 365 egunak, urriaren 15a

Landa Eremuko Emakumeen nazioarteko eguna pasatu berri den honetan, izan dute zer ospatua eta zer aldarrikatua Hitzez elkartean, baina argi du Eizagirrek egun bakarrera mugatzea baino garrantzitsuagoa dela urte osoko lana. Eta, zer egin duten urte osoan? Aurtengoaz galdetuta, ekimen zerrenda ederra aurkeztu du baserritarrak: nekazarien erregimenaren inguruko hitzaldia antolatu dute abokatu batekin, emakume migranteekin topaketak egin dituzte, nork bere gorputza ezagutzeko hitzaldi bat izan dute, xaboi tailerra…

“Urtero sei edo zazpi ekitaldi antolatzen ditugu, batzuk emakumeei zuzenduak, baina gehienak herritar guztiei zabalik daudenak”. Ekimen horiez gain, baserritarrei zuzendutako abokatu zerbitzua martxan dute Aian, eta emakume baserritarren barnetegia ere urtero antolatzen dute. “Hobetzeko gauza asko dago, baina, askotan, ateratzea, kafe bat elkarrekin hartzea edo gai baten gainean hitz egitea da gehien eskertzen dena. Eta horretarako espazioak sortzeko beharra dago”, amaitu du.