Nazioarteko bitartekariek emandako datuetan eta ETAk berak egindako adierazpenetan oinarritzen dira baieztapen hori egiteko.
Uda aurretik ETAk bere ibilbideari behin betiko amaiera emango diola uste dute Foro Sozial Iraunkorreko kideek. Ostegunean Bilbon egin duten prentsaurrekoan eman dituzte xehetasunak, Nekane Alzelai, Teresa Toda, Nazario Oleaga eta Agus Hernanek. ETAko kideak gauzatzen ari diren barne hausnarketa oso garrantzitsua dela uste dute eta desmobilizatzeko erabakia “aldebakarrekoa” izango dela adierazi dute Foroko kideek.
Terminologiaren inguruan sortu daitezken korapiloak alde batera utzi nahi dituzte. Badakite Espainiako Gobernuak, “desagertzea” eta “desegitea” gisako hitzak entzun nahiko dituela. Foro Sozialak berriz “desmobilizazio” kontzeptua ontzat emango du nazioarteko parametroetan onartuta dagoelako.
ETAren desmobilizazioarekin batera, presoen auzia eta biktimen erreparazioa ditu Foro Sozialak helburu. Norabide horretan pausoak ematen jarraitu nahi dute aurten. Presoen auzian esaterako, EAEn alderdi eta eragileen artean konfiantza sortzeko elkarrizketak abian dituztela adierazi dute eta aste gutxiren barruan emaitzak ikusiko direla adierazi dute. Nafarroan ere eragile eta alderdien arteko elkarrizketak martxan daudela adierazi dute.