ETA prest da armagabetzerako diseinua Eusko Jaurlaritzarekin eta euskal eragile sozial eta politikoekin partekatzeko, Gara eta Berria egunkarietara bidalitako agirian adierazi duenez.
"ETAk bere armategien zigilatze prozesuarekin aurrera jarraituko du", dio erakundeak. "ETAk badaki prozesu hau beste baldintza batzuetan garatuko balitz ez lituzkeela egun dituen ahulguneak izango eta prest dago nola hobetu daitekeen aztertzeko. Hala ere, oroitarazi nahi du prozesu honek izan ditzakeen gabeziak, batez ere, Espainia eta Frantziako Gobernuen jarreratik eratortzen direla".
"Edonola ere, prozesu hau ikusmira eraikitzailetik hartzeko deia luzatzen diegu euskal eragile politiko eta sozialei, eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, arerio politikoa erasotzeko huskeriak bilatzen hasi gabe", adierazi du ETAk. "Gabeziak gabezia, garrantzitsuena baita, Estatuen jarrera ezkorra izanagatik ere, prozesu hau bukatzerakoan ETAren armategi guztiak zigilatuak egongo direla eta ETAren armen auzia bideratzen hasita".
"ETAk dei egiten die euskal eragile politiko eta sozial guztiei, eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, konponbidearen alde daudenen artean elkarrizketari ekin, gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko arrazoizko bideak adostu eta, adostasun horien gainean, bide-orria osatzeko. ETAk uste du oinarri bat jarrita dagoela jada: Foro Sozialaren Gomendioak, abian diren prozesuak (ETAren armategien zigilatzea edo EPPK-k 2013ko abenduko Adierazpenarekin ireki zuen bide politiko eta juridikoa, besteak beste), Eusko Jaurlaritzaren Zuzen Bide proposamena, Baionako Adierazpena edota EH Bilduk aurkeztu berri duen Bakerako Euskal Bidea".
Prozesu horren baitan, ETA "prest" agertu da "armagabetzerako diseinu partekatu bat egiteko eta gainerako ataletan dagokion ekarpena egiteko".