Ez debekatzerakoan, ez baimentzerakoan, ez aholkuak ematerakoan, ez laguntzak eskaintzerakoan. Dantzaz ez dira akordatzen gure agintariak, ez osasun-arduradunak, ez kulturakoak, ez beste inor.
Nafarroan, Iparraldean eta EAEn, Euskal Herri osoan pandemiari aurre egiteko larrialdi neurri zorrotzak ezarri dituzte azken egunotan, eta dantzaren sektorea, berriz ere, noraezean, zer egin, nola jokatu asmatu ezinda. Inor ez zen akordatu dantzaz jarduerak baimentzen hasi zirenean. Dantza kinka oso larrian dago martxotik. Inork ez zion arretarik eskaini dantzari jarduerak berreskuratzeko protokoloak prestatu behar izan genituenean. Eta berriz ere murrizketak eta debekuak datozenean ere ez da inor gogoratu dantzarekin.
Kirola, ostalaritza, hezkuntza, garraioak edo hiletak kontuan hartzen dira, bakoitzean zer eta nola egin daitekeen, zer gomendatzen den, zer ez... argitzen, zehazten da, baina dantza ez da existitzen. Eta kontuan hartu beharko lukete, bai. Dantzak ez du kirolak duen ikusgaitasuna, ez ditu kirolak bezala komunikabideetako orduak eta orduak betetzen, ez da agintarien agenda publikoan agertzen, baina dantza gure gizarteko jarduera zabalduenetakoa da, hainbat estilo eta modalitatetan (euskal dantza, garaikidea, balleta, jazz, areto-dantzak, hip-hop,...), jarduera-eremu (dantza-talde, dantza-eskola, akademia, aisialdi talde, emakume-talde, jubilatu egoitza, gazteleku, gimnasio, negozio itxi zein plaza irekitan...) milaka praktikatzaile dituena, eta beraz, gorputz jarduera osasuntsu, sozial eta kulturala den neurrian, herritar askoren ongizate fisikoari eta psikologikoari eusten diona.
Eredugarria izan da dantzaren sektoreak pandemiaren aurrean erakutsitako jokabide arduratsua. Aktibitateak eten lehenengo, konfinamenduko unerik gogorrenetan animoa eta bizi-pozari eusteko funtsezko baliabideak eskaini, eta online saioekin ahalegin izugarria egin ondoren. Inolako laguntzarik eta argibiderik gabe jarduerak berreskuratzeko protokoloak prestatu ditugu, baliabideak eskuratzeko (musuko eta gelez harago, ukatuak zitzaizkigun espazioen ordezkoak ere bilatuta) ahalegin handia egin da, taldeak murriztu (esfortzua hirukoiztuz...) dira... Eta batzuk ahalegin eta zailtasun izugarriekin dantza-praktika berreskuratu berri eta besteak berrartu nahian genbiltzala datoz murrizketak eta debekuak berriz ere. Eta hemen gaude, dantza-jarduerekin zer egin behar dugun asmatu ezinda orain ere, dena bertan behera utzi ala moldaketa gehiago (ba al dago?) egiten ahalegindu erabaki ezinda.
Beraz, bai, dantza bada nor, eta arren eta faborez, agintari eta teknikari arduratsuok. Sartu dantza zuen agendan!