argia.eus
INPRIMATU
Eta Olentzero emakumea balitz? Edo maritxua? Edo transgeneroa?
  • “Zergatik Olentzero eta Mari Domingi izaki berriok sortu, ar eta eme, betiko bitar sistemari men eginez? Bakarra ez ote genuke aski, batzuetan emakumezko, bestetzuetan gizonezko, hemen trans, han intersex?”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko abenduaren 22a
Etxean Olentzero anitzak jartzera animatu dituzte herritarrak, batzuetan gizonezko, bestetan emakume, transgenero…

“Zergatik ez irudikatu Olentzero emakumezko bat? Ez ote lituzke opariak berdin-berdin ekarriko? Eta trabestia balitz, bazterrean utziko ote lituzke bere eginbeharrak? Olentzero maritxua balitz eta Mari Domingi lesbiana, adiskide izan nahi badute eta besterik nahi ez badute, transgenero badira, zer galduko genuke?”.

STEE-EILAS sindikatuko kideen hitzak dira. Ikastetxeetan eta etxeko balkoietan Olentzero anitzak egitera eta jartzera animatu dituzte herritarrak, jendartean dagoen genero eta izaera aniztasuna hobeto islatuko litzatekeelakoan.

Tradizioa ez dadila izan aitzakia

Azken finean, sorreran urteko aro bat zen Olentzero (Onentzero, Onontzero, Orentzaro, Orantzaro… ere deitua), baita Nafarroa eta Gipuzkoako inguruetan agertu ohi zen izaki bat ere, gizonezko nahiz emakumezkoa izan zitekeena.

Leitzan, esaterako, duela 60 bat urtera arte, etxe bakoitzak bere Orantzaro propioa jartzen zuen balkoian, eta panpina hori emakume zein gizon itxurakoa izan zitekeen, “berdin txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria”. Baina ohitura gainbehera etorri zen, lehian hasi baitziren ea zeinek egiten zuen panpina politena, eta eredu bakarra, ikazkin zaharra, gailendu zen.

Ikazkin zahar, mozkorti eta zakarrak liftinga jasan duela gogoratu du Oier Araolazak, kultura herritar bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarri bihurtzeraino.

Alboan Mari Domingi jarri diogu ondoren, eta “Olentzerori bikotekidea asmatu diogun unean bertan, Olentzeroren beraren genero marka finkatu dugu”, familia tradizionalaren eredua mantendu, eta Angel Errok azpimarratu moduan, emakumearen bigarrentasuna eta heterosexualitate ustekizuna indartu.

“Ez zaitez izan Olentzeroren laguna! –esaten dio Araolazak Mari Domingiri– Izan zaitez nahi duzuna, izan zaitez Olentzero, izan zaitez gure Queer-Olentzero!”.

P.D: Jakin-mina duenarentzat, Italian opariak banatzeaz arduratzen den Befana sorgin txintxoa da argazkikoa.