Ikasturte berria zalantza itzelez datorkigu arlo ekonomikoan eta bizitasun handiz politikoan, bietan azken hilabeteetako jario tinkoari jarraiki. Eremu politikoan bakegintzak eta normalizazio politikoak jardunaren ardatzean jarraituko dute eta, apurka, 2011 honetan eman diren urrats erabakigarriak sendotuz jarraituko dutela pentsa liteke.
Hau atzera ezineko egoera dela sustraituago dago gizarteko alor guztietan, orain jokaldia borobiltzea falta da eta etorkizuneko elkarbizitzaren zutabeak ondo finkatzea: gatazkaren ondorioak humanizatu (presoak…), partehartze politikoa bermatu, guztien arteko eztabaida politikoari hasiera eman eta biktimen gaiari serio heldu. Hori da sekuentzia, eta bukaeratik hasi nahi izateak prozesu hori zangotrabatu eta luzatu besterik ez du egingo. Esparru hauek guztietako osagaiak nahasiko dira prozesu luze horretan, jakina, baina hemen bezala txakurrak ortozik dabiltza munduan zehar eta, desberdintasunak desberdintasun, bake eta normalizazio prozesuek ezaugarri bertsu asko dituzte.
Gai hauei buruz zerbait badakien Vicenç Fisas-ek El País-en joan den astelehenean idatziriko artikulu interesgarrian, ETA eta Gobernua dagoeneko erakunde armatuaren amaiera elkarrekin kudeatzen aritu beharko liratekeela dio, hori dela normalena munduan zehar eta hemen ere horretan aritzea espero duela. Zentzuzko berbak, zalantzarik gabe, ona litzateke hala izatea eta azaroan lekukoa hartuko duen PPk ere bide horretan sakontzea. Hori izango da epe laburrean frogatu ahal izango dugun gaietakoa. Gaitza dirudi Bilduren ilegalizazioa eskatzen duena jardun horretan irudikatzea, baina ez litzateke lehenengo aldia izango eta gainera munduan zehar ere bere gisako askok egin dute berdintsu.
HEGOALDEAN berriz ere hauteskundeak gainean ditugula da kontua, eta erabakigarriak izango direla bake prozesuan. Euskal Herrian, gainera, ukitu berezia izango dute, besteak beste, 1996az geroztik ezker abertzaleak ez duelako hauteskunde mota honetan parte hartu: 2004. urtean legez kanpo zegoen jada eta 2000.ean abstentzioa eskatu zuen, euskal herritarrok Madrilen ez genuela ezer egiterik argudiatuz. Beste garai batzuk dira, duda barik, eta oraindik Sorturen legeztatzea airean bada ere, ezker abertzaleak Bildurekin bideratuko du bere botoa.
Ez dagoena argi esparru abertzalearen eskaintza da. Bilduk EAJri egindako proposamena bazterrean geratu ondoren, badirudi Bildu eta Aralar batuko duen eremu soberanista eta ezkertiarra osatuko dela. Ez dirudi EAEn horretarako arazorik izango denik, baina Nafarroan kontua bestelakoa da. Aralarreko zuzendaritzak Bildurekin eskaintza osatzearen aldeko proposamena egin du, baina alderdian banaketa dago gaiari buruz eta hainbat sektorek ez dute begi onez ikusten proposamena. Datorren larunbatean ikusiko da zer gertatzen den Berrioplanon (Nafarroa) egingo duen biltzarrean. Eta behin betiko erabaki ofiziala irailaren 17ko ezohiko kongresuan finkatuko du Aralarrek.
Seguruenik zuzendaritzaren proposamena aterako da aurrera, baina Nafarroan barne eztabaida esanguratsuarekin. Eta hori hala bada, galdera berez dator: zer gertatuko da NaBai-rekin? Egongo da hauteskunde hauetan? Eta nola osatuko da ondoren? Eta talde parlamentarioa eta dituen alkatetzak? Erantzun hauetako batzuk irailaren 4an ezagutu ditzakegu, egun horretan aurkeztuko baita Zabaltzen, NaBai-ko independenteek osatutako egitura politikoa. EAJ bera baino erabakigarriagoa da Zabaltzenek egin dezakeena, eta hauteskunde hauetan Aralarrik gabe Nafarroako esparru politikoan bere eskaintza manten badezake ere, etorkizunari aurre egitea gaitza izan dezake.
Oinarrian eztabaida historikoa dago: ea nola garatzen diren Nafarroaren izaera berezia eta bere estrategia politiko propioa, eta ea hori nola ezkontzen den EAEko –eta Euskal Herri osoko– gainerako estrategiekin. Eta ea nola lotzen den hori Nafarroako sektore baskista eta ezkertiarrekin. Hori izan da bere sorreratik NaBaik abertzaletasunari egin dion ekarpen nagusia eta hori da, besteak beste, abertzaletasunak kontuan izan beharko duena.
Betiko hausnarketa hauek ditu abertzaletasunak Nafarroan eta, historiako gizarte ordezkaritza eta ordezkaritza instituzional handiena lortu ondoren, posizio onean dago hausnarketa hau lasaitasunean egiteko; akaso, hori da oraindik erronka nagusietakoa, eztabaidak eta ikuspegi anitzak jardun politikoan lasaitasunez txertatzea. Kontrakoa izango zela uste banuen ere, iragan maiatzeko hauteskundeetako giro orokorra eredugarria izan zen zentzu horretan.