argia.eus
INPRIMATU
Eta manikiek herritarron antza handiagoa balute?
  • Errealitatetik gertuago dauden gorputzak islatzen dituzten manikidun denda eta erakusleihoak gutxiengoa dira oraindik, baina modaren mundutik bertatik dator gogoeta: gorputz itxura errealagoa duten manikietan ikusi nahi dute arropa bezeroek, identifikatuago sentitu. Sinéad Burke pertsona nanoa eta aktibista da, eta argi du aniztasuna dela gakoa, “aniztasunak aukera ematen duelako arropa guztiontzat diseinatzeko. Esplizituki utzi gaituzte kanpoan, esplizituki egin behar gaituzte orain ikusgarri”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urtarrilaren 19a

Modaren industriak berak betikoturiko edertasunaren idealean oinarritu ohi dira manikiak, altu, argal eta uniforme. Kuriositate moduan, gizakion batez bestekoak baino zentimetro batzuk gehiago izan ohi du maniki estandarrak (1,85 cm. inguru emakumeen manikiak, 1,94 inguru gizonarenak).

Bestelako gorputzak irudikatzen dituzten manikiak kasu isolatuak dira gaur egun, sarri publizitatea bilatzen duten keinu hutsa. Baina modaren ikurretako bat den Vogue aldizkariak artikulu batean aldarrikatu du manikiak birpentsatzeko garaia dela, herritarrongandik hurbilago dauden gorputzak ikusgarri egiteko garaia.

Propio ikusgarri bihurtu behar diren gorputzak

Hain juxtu, Sinéad Burke aktibistak bere gorputzaren moldea egin eta pertsona nano baten manikia sortu zuen. Inoiz ez zen aurretik halakorik egin, eta inpaktu handia eragin ziola kontatu izan du: “Inoiz ez nuen ikusi nire itxura duen pertsona baten 360 graduko errepresentazioa”. Aniztasunean jartzen du berak indarra, “hezkuntzarako, berrikuntzarako eta sormenerako tresna delako”. Gorputz txiki eta handiak, zatiren bat falta dutenak… irudikatzea ezinbestekoa iruditzen zaio, idealetik aldentzen diren gorputzak urte luzez propio inbisibilizatuak izan diren heinean, propio ikusgarri bihurtzea zor zaielakoan.