argia.eus
INPRIMATU
Eta koronabirusaren ondoren... CO2 betekada?
  • Mundu erdia konfinatuta egoteak eta produkzioaren zati bat geldirik, airearen kalitatea hobetzea ekarri du; bereziki Italian eta Txinan antzeman dute kutsadura gutxiago. Baina Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du horrek ez duela berez aldaketa klimatikoa mantsotuko, karbono dioxido maila iazkoa baino altuagoa baita oraingoz. Areago, behin osasun larrialdia igarota CO2 isuriak izugarri igoko diren beldur da erakunde hori, 2008ko finantza krisiarekin gertatu zen bezala.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko martxoaren 26a
Txinako ikatzezko zentral bat martxan. Halako dozenaka eraikiko ditu Txinak koronabirusaren krisiaren ondoren ekonomia suspertzeko.

Koronabirusaren lehen kolpea gaindituta, Txinak ekonomia abiarazteko 50 bilioi yuaneko plana jarri du martxan, eta plan horrek aurreikusten du dozenaka ikatzezko zentral eraikitzea. Otsaila amaieran zabaldu du erraldoi asiarrak bere asmoen berri, 2021-2025 epealdirako zirriborroan, eta horrek talka egiten du Pariseko Akordioan harturiko konpromisoarekin. Nazioarteko eragileek diote, planetako tenperaturaren igoera 2ºC-tik behera mantentzeko saiakera oro ezerezean geratuko litzatekeela.

Ikatzezko zentralak gero eta gutxiago dira munduan beste energia mota batzuen aldean. Gainera, petrolioaren prezioen beherakada handiak –Brent upela 27 eurotik behera jaitsi da– erregai fosil garestienen rankingean lehen postuan jarri du ikatza. Orduan, zergatik erabaki du Txinak zentral gehiago irekitzea?

NASAren irudi hau berehala zabaldu zen mundu osoan. Erakusten du Txinak dioxido nitrogeno kutsadura nola murriztu duen, koronabirusaren ondorioz hartutako neurriengatik.

Ballena Blanca aldizkarian diote hautu ekonomikoa baino “politikoa” dela Pekinena: eraikuntza horiek epe motzean ekarriko dute BPGa igotzea, meatze erraldoiak gehiago hedatuko direlako, tokiko lurralde agintariek nahi duten gisan. Baina estrategia horrek epe luzerako ez duela balioko iragarri dute adituek, ikatzaren errentagarritasun eskasagatik.

Pandemiarekin batera gizakiek –eta munduko espezie guztiek– gaur egun duten beste larrialdi nagusia klimatikoa da, eta koronabirusaren ondorengo eszenatokian nola kokatzen garen eragin zuzena izango du arlo horretan ere.

Pandemiarekin batera gizakiek –eta munduko espezie guztiek– gaur egun duten beste larrialdi nagusia klimatikoa da, eta koronabirusaren ondorengo eszenatokian nola kokatzen garen eragin zuzena izango du arlo horretan ere

AEBetan esaterako, ekonomiaren “estimulu berderako” neurriak hartzeko eskatu dio hango kongresuari zientzialari, abokatu eta ekologista talde garrantzitsu batek gutun bidez. Gobernuak inbertsioak energia berriztagarrietara bideratu beharko lituzke: “Arriskua daukagu ekonomia suspertzeko erregai fosilekiko menpekotasunean are gehiago erorita”, diote. Euren esanetan, jadanik badaude lobbyen proposamen zehatzak erregai horien sektorea erreskatatzeko, “langileen eskubideen bizkar”.  2008ko krisian ere halako zerbait gertatu zela ohartarazi dute: konpainia handi kutsatzaileei lagunduta suspertu zuen ekonomia Osaba Samek.

Urte hartan munduko CO2 isuriak %1 jaitsi ziren, baina hurrengo bi urteetan izugarri hazi ziren.

Salbatu pertsonak, ez hegazkinak

Ez dira bakarrak kezka hori azaldu dutenak. Gugandik gertuago, Ecologistas en Acción taldeak hegazkingintzan jarri du arreta. Koronabirusaren krisiak erabat hondoratu ditu aire-konpainiak, aireportuak itxita edota garraioa erabat murriztuta baitago txoko askotan. Sektoreko munduko patronalak 200.000 milioi dolarreko laguntza eskatu du galera horiek leuntzeko, eta Europar Batasuneko ministroak eztabaidan ari dira.

Ekologistak erreskate milioidun horren kontra daude. Alde batetik, hegazkin aparatuak CO2 isurtzaile handienetakoak direlako, eta horrez gain, erregaiekin dauzkaten “pribilegio fiskalen” ondorioz EBn urtero 27.000 milioi euroko zuloa uzten dutelako ordaindu gabe. Hala, etekinak esponentzialki igo zaizkie aire operadoreei azken urteetan: “Etekin horiek erabili beharrean euren kontuak saneatzeko edo krisiei aurre egiteko, erabili dituzte zorpetze politika arriskutsuetan sartu eta burtsako akziodunei are etekin handiagoak emateko”, diote.

Hegazkinen orbanak zeruan. Garraio mota hori da CO2 gehientsuen isurtzen duenetako bat.

Koronabirusak hilabeteotan ezin argiago erakutsi du eredua bera jasangaitza dela: “Azken egunotan maila globalean izandako poluzio-mailen beherakada handiek agerian uzten dute egungo mugikortasun-ereduaren jasanezintasuna, eta frogatzen dute krisiaren aurreko mugikortasun-eredura itzultzea ez dela aukera bideragarria larrialdi klimatikoko testuinguruan”.

Ikusi beharko da karbono baraualdi honen ostean betekada norainokoa den. Izan ere, Julen Rekondo ingurumen aholkulariak Ekologistak Martxanen webgunean argitaraturiko analisian esan bezala, Covid-19aren aurrean erreakzionatzeko asteak behar izan ditugu, baina larrialdi klimatikoaren aurrean urteak daramatzagu, eta ez dugu oraindik ezer taxuzkorik egin.